Lana langileengana edo langileak lanera

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Arzadun

Munduan, herrialde askotan, biztanleen herenak edo gehiagok ez du lan formalik, edo nolabaiteko jarduera informalekin bizirauten du.

Gurean, aldiz, sarri errepikatzen da ume gutxi egitearen ondorioz langileak falta zaizkigula.

Hala, herrialde batetik bestera langabeak edo lanpostuak mugitzeko beharra dagoela dirudi.

Kontuan hartu behar dugu gaur egun garatu diren herrialde gehienak ez zirela euren indar eta baliabide hutsez garatu. Euskal Herriaren kasuan ere, XIX. eta XX. mendeetan Ingalaterrako, Frantziako, Alemaniako, Belgikako eta Italiako enpresa, ekintzaile eta teknologoek eragin handia izan zuten. Euskal enpresa askorentzat, kooperatiba asko barne, kanpoko teknologien lizentziak eta ezagutzak funtsezkoak izan ziren euren sorreran eta garapenean.

Kanpoko enpresa, inbertitzaile eta teknologo haiek, noski, dirua irabaztera etorri ziren, ez gu laguntzera. Baina bidean, enpresak eta lanpostuak sortzeaz gain, industria-gaitasuna eta ekonomia-sare oso bat garatzeko giltzarri izan ziren.

Beraz, hasierako galdera beste modu honetara ere egin daiteke: zer nahiago dugu? Mercedesek eta Volkswagenek Euskal Herrian milaka lanpostu zuzen eta ehun industrial oso bat mantentzen dituzten lantegiak izatea, edo milaka euskaldun batzuei Alemaniara emigratzeko aukera ematea?

Bi aukeretan, milaka pertsona batzuek han edo hemen lana izango dute. Baina lehen aukeran, pertsona horiek euren herrian bertan jardungo dute eta herrialde baten garapen ekonomiko, industrial eta teknologikoari lagunduko diote. Bigarrenean, berriz, langileek senideak, lagunak eta herria atzean utzi beharko lituzkete eta herrialdeak ez luke garapen ekonomikorako bultzadarik.

Guretzat nahi dugun gauza bera ez al genuke nahi behar pakistandarrentzat, marokoarrentzat edo kolonbiarrentzat ere? Agian, mundu bidezkoago baterako, pertsonak lana dagoenera nola eraman baino, galdera garrantzitsuagoa litzateke nola lortu pertsona eta herri guztiek izan dezatela garapenerako aukera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak