Ondorioz, munduan salgai dagoen petrolioaren eta abarren eskaintza %10 inguru jaitsi da. Tamaina horretako eskaintza-murrizketak enkante antzeko bat eragin du. Nork gehiago ordaindu, harentzat petrolioa, gasa eta gainerakoak. Batzuok garesti ordaintzeko gaitasuna dugu eta behar adina erosten dugu. Afrika aldean, aldiz, ezin dute horrenbeste ordaindu eta erregairik gabe geratzen ari dira.
Kenyan, adibidez, biztanleak matxinatu egin dira, eta, azken albisteen arabera, lau hildako izan dira. Mozambiken, berriz, gasolindegi asko hutsik daude; eta, uzta saltzeko garaia hasi berri dela, baserritarrak beldur dira inor ez ote den agertuko uzta erostera.
Eta ez da hori guztia. Persiar golkotik petrolio eta gas naturala bakarrik ez, ongarri asko ere saltzen ziren. Azken hilabeteetan, guda aurretik baino %20 ongarri gutxiago dago salgai munduan, eta ongarrien salneurria bikoiztu egin da, eta janariak ere halaxe egingo du. Afrikako herrialde gehienetan biztanleriak urteko diru-sarreren erdia inguru jateko erabiltzen duela kontuan izanik. Ongarrien garestitzeak ondorio latzak ekarriko ditu familia askorentzat.
Kontuan izan behar dugu Frantzian eta Espainian urtean, biztanleko, bi tona erregai fosil eta 40 kilo ongarri inguru erabiltzen ditugula. Mozambiken eta Tanzanian, berriz, urtean 50 kilo erregai fosil eta bi kilo ongarri besterik ez. Lehengoen ekonomiaren tamaina biztanleko 35.000 bat dolarrekoa da eta bigarrenena, 800 bat dolarrekoa.
Gudua sortu duenak sortu duela ere, une honetan guk gure kontsumoa zertxobait murriztuko bagenu, mundu mailako eskasia apaltzen asko lagunduko luke, eta, hala, Afrikan eta beste leku batzuetan guk baino diru gutxiago dutenek erregai edo ongarri pixka bat, behintzat, eskuratzeko aukera izango lukete.
Beste askotan esan bezala, guztiak ontzi berean gaude. Batek egindakoak besteei eragiten die. Prest al gaude lagungarri izateko?