Saioen helburua munduari begirada zabala ematea da. Zenbat pertsona bizi gara munduan? Non? Zer egoeratan –osasuna, hezkuntza, ekonomia, giza eskubideak…–? Nola eragiten diogu elkarri? Era horretako galderei erantzutea da asmoa.
Horretarako, inoren iritzia doktrina gisa jaso beharrean, asmoa zera da: elkarren artean galderak sortu, galdera horiei erantzuteko zer informazio behar den erabaki, datuak aztertu eta ondorioak ateratzea.
Izan ere, azken 50 urteetan, Nazio Batuek, lekuan lekuko gobernuek eta bestelako elkarteek lan handia egin dute datuak jasotzen. Guk geuk oinarrizkoenak batzeko lana hartu dugu, saioetan sortuko diren galderak, ahal dela, unean bertan erantzuteko asmoz.
Eta zergatik hartu saio horiek antolatzeko lana? Bada, munduan bizi garen 8.000 milioi pertsonen bizimoduak lotuta daudelako. CO2 isurketek, edonon isurtzen direla ere, guztioi eragiten digute; nekazari eta industria langileek sortutako gaiak mundu guztian saltzen dira; milioika pertsona sorterria utzi eta beste herri batera bizitzera joaten dira; gure liburutegietako liburu gehienak beste lurralde batzuetan sortuak izan dira…
Munduan eragin positiboa izan nahi duenak, edo, gutxienez, kalterik egin nahi ez duenak, ezinbestekoa du, lehenik, mundua nola dagoen eta elkarri nola eragiten diogun ulertzea.
Lehen saioan aberastasunaren gaia landu genuen eta hurrengo saioetan osasuna, desberdintasuna eta pobrezia aztertuko ditugu –otsailak 23, martxoak 9 eta martxoak 23–. Guztiontzako saio irekiak dira; ez da aurretiazko ezagutza berezirik behar; eta ongietorriak izango zarete guztiak.