Egia esanda, bizitzan hiriburuan ikusi dudan agerraldi jendetsuena izan dela esango nuke, eta baita isilenetakoa ere. Lagunon artean behin baino gehiagotan irten zen iruzkina.
Ez da joan naizen manifa bakarra sentsazio horrekin amaitu dudana eta ez da lehen aldia honen zergatiaren inguruan neure buruari galde egin diodana. Izan ere, ni ere behin baino gehiagotan isilen zakuan sartu naiz.
Akaso, ez dugu aldarrikatzen duguna benetan sinisten? Badakigu pentsatzen duguna ozen esan arren inork ez digula entzungo? Lotsa ematen digu oihu egiteak?
Agian, kasualitatea da, baina jabetu naiz adin batetik aurrerako pertsonek kasta gehiago dutela honetan. Adibidez, Gasteizko manifestazioan jubilatu kuadrilla bat zegoen zutabearen alde batera, megafonoa eskuan, batez ere gazteoi eragiten dizkiguten aldarriak botatzen, denak batera, koru baten gisan.
Ez dut uste bakarra naizenik manifestazioek ezer gutxirako balio dutela pentsatzen duena. Agian, zarata gutxiegi ateratzen dugulako da?