Ez dut horren apologiarik egin nahi, ezta aurkako postulaturik ere. Gaurko gogoeta izen konposatuko bigarren hitzean zentratu nahi dut. Artifiziala den heinean, gurea dugun biologikoarekiko alde nabarmenak ditu; kasu batzuetan onerako eta besteetan txarrerako. Aspaldi asmatu eta erabili izan diren arren, azken boladan hedatu da teknologia masetara, eta nola hedatu ere. Teknologia oro bezala, erabiltzailearen esku geratzen da zein erabilera eman, eta nik bi aukera ikusten dizkiot. Inteligentzia biologikoa –gure garunak– elikatzen duen IA edo gure garunetatik elikatzen den IA. Dituen gaitasunek batzuetan beldurra ematen dute, lasterketan atzean geratzen ari garela dirudi.
Baina ez ahaztu informazioa eta datuak aztertu, arrazoitu, ikasi eta emaitzak bilatu soilik ez dutela egiten. Zu hori egiteko gai zara; desberdin, baina gai. Eta ez ahal zara gai askoz gehiago egiteko? IA ez. Espero dut gizakiok garena izaten jarraitzea biologiak ematen digun gizatasun, sentiberatasun eta irrazionaltasunekin. Mila makinek ez baitute inoiz gizaki bat sortuko; guk, ordea, sortu ditzakegu.