Facebookean A-ren mehatxuarekin egin nuen topo asko ez dela: aurten ere berak irabaziko ei duela torrada lehiaketa. Egun horri begira Z-ri jada entzun diot kareta zertaz mozorrotu pentsatu beharko dutela, eta aurreko astean ikastetxeetatik osteratxoa egin beharko dutela haurrak eta gaztetxoak animatzeko.
KL ari dira egunotara begira fin, dena antolatzen eta denaz arduratzen; aitorpen gutxiko eta merezimendu handiko lanean. I-rekin bileretan ei dabiltza. Bilera osteko tabernako elkarrizketak irudikatzen ditut. Batzuk, hobetu eta aurrera egin nahian borondatetsu lanean; eta, beste batzuk, lehengo lepotik burua. K-tarrek erabaki zuten gau berean, E-ri entzun nion eurek oraindik ez dutela pentsatu, eta jarri beharko direla horretarako, nahiz eta beste behin guztia azken unean egin. Eta zenbat horrela… U-koek egin beharko dute handiren bat aurten ere. Z-tarrak, ordea, azkenaldian apalduta daude: izan zirenari antzik eman ezinda, gainbeheran.
Urtero legez, badatoz Aratusteak. Aurten, bereziki, konturatzerako izango ditugu gainean. Konturatu aurretik ibiliko gara Txapel Txin ospatzen, eta ibiliko gara herri oso bat festan. A-tik Z-tara.