"Antzuolako kontuak"

Erabiltzailearen aurpegia

Lotsagarria edo tamalgarria edo… norberak jar diezaiola...

... nahi duen izenburua gertatzen ari denari. 

Duela urtebete inguru, Antzuolako Udalak brigadarako bi lanpostu atera zituen, eta, Udalak berak aukeratutako baldintzengatik, bertan lanean aritutako herritarrek ez zuten aurkezteko aukerarik izan.

Aurten, ekainean, lan poltsa bat osatu, eta eszedentzian dagoen kale garbiketako bi lan erdiko postu eskaini zituen. 

Aurreko bi kasuetan, herritar izateak ez du izan inongo abantailarik, legeak horrela esaten omen duelako; beraz, aurten atera diren lau postuetan, hiru langile kanpotar ditugu.

Azkenik, duela hilabete inguru jakin nuen Foru Aldundiak diru-laguntza bat emango zuela herrietako langabeei aukera bat emateko. Diru-laguntzaren kopurua zehazteko, herrietako langabezia tasa izan zuten kontuan (herriko langabezia tasa bada kontuan hartzen dena, suposa daiteke sortuko den lanpostuak tasa hori gutxitzen lagunduko duela; beraz, aukeratukoa herritarra izango dela); honen arabera, Antzuolari lanpostu bat egokitu zitzaion.

Foru Aldundiak udalen esku utzi zuen deialdian nork parte hartu zezakeen erabakitzea; udal gehienek baldintza bakarrenetakoa bertan erroldatua izatea eskatu dute.

Antzuolako Udalak, berriz, kasu honetan ere ez ditu bere herritarrak defendatu eta babestu. 

Aurreko kasuetan legez ezin zutelako, eta orain legeak ez duelako zehazten herri bakoitzeko herritarra izatearen baldintza, antzuolarrok ezin dugu beste herri gehienetako prozesuetan parte hartu, baina gure herrian edonork parte hartu dezake, dena gure Udalaren erabaki eta aukeraz eta berari esker!

Udalak bertakoei aukera ematea baino nahiago izan du eskaintza zabala egitea. 

Orain ezin duzue legea babestzat hartu, zuen esku egon da herritarrongatik zerbait egitea, eta zer egin duzue? Horra hor zuen aukera eta erabakia!

Hauxe da daukagun Udala, auzolana aldarrikatzen duena eta herritarron parte hartzea eskertzen duena, baina ordainetan herritarrak kontuan hartzen ez dituena.

Generazioz, oraindik ere militantzian eta elkarlanean sinesten dudan pertsona izan naiz, baina, egia esan, aurrerantzean horrenbeste maite dudan herri honengatik muxu-truk zerbait egiteko gogo guztia zapuztu didazue.

Dena den, eta langabezian gauden herritarroi ere prozesuan parte hartzeko aukera eman diguzuenez, izena eman dut eta azterketa egitera joango naiz, eta aukeratua izaten ez banaiz ere, benetan asko poztuko naiz antzuolar batek postua lortzen badu.

--------------------

Belen Azkarate

Antzuola

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.