Oinetakoak, hamarretakoa eta marrazkia prestatu, motxilan sartu eta bagoaz Basabeazpi ikastolara. Haur txiki, nagusi, aiton-amona eta zenbait guraso zain ditugu dagoeneko. Urduri eta gogotsu. Argitxok postontzia gorde du beste behin Aretxabaletako auzo batean eta horren bila abiatu gara elkarrekin. Gustura ekin diogu bideari; kontu kontari, udazkeneko koloreetan arreta jarriz, elkarri zirikatuz, bideko makilak batuz, erreka bazterreko zikinkeriaz gogoetatxoak eginez eta batez ere, elkarrekin momentu eder bat partekatuz.
Oraingo honetan postontzia Usitta auzoan dago. Uste baino lehen iritsi gara bertara: izan ere, elkarrekin bidea beti da errazagoa, motzagoa, aldapak leunagoak eta batez ere, dibertigarriagoa. Postontzia bete dugu beste behin marrazki eta mezu goxoz. Elkarrekin hamaiketakoa egin, pixka bat jolastu eta bagoaz berriro ere herrirantza.
Zapatu goiza elkarrekin pasa dugu eta pozik gaude. Horixe da asmoa: hilean behin elkartu eta haur zein familiek, elkarrekin, aisialdi ekintza bat egitea. Elkar ezagutzea, gure arteko harremanak sendotzea, aisialdi momentu bat partekatzea eta Aretxabaleta zein ingurua ezagutu eta hauetaz gozatzea besteak beste, zeharka ere lortzen duguna.
Lehenengoa egin dugu eta balorazioa positiboa izan da. Ez da azkena izango, seguru ezetz. Laster izango duzue gure berri, lehio txiki honetatik.
Herritik eta herriarentzat.
Hurrengo deialdietan elkar ikusiko dugulakoan, laster arte.
BASABEAZPI GUNEKO FAMILIAK.