Damutu egiten naiz, damu naiz. Ados, kontzeptu katastrofikoa da damua. Orain "ez nuke berriro egingo" esaten zaio. Ez nintzateke berriro joango Belgikako azken puntako azken unibertsitate-hirira. Harritu egiten naute Arrasatera Erasmus egonaldirako iristen diren ikasleek. Iaz etorri ziren bi ikasle itzuli dira aurten bisitan. Ni ez naiz ordutik Belgikan izan.
Unibertsitateko lagunik onenarekin joan nintzen, eta ez ditut saltzeko hangoak, baina oraindik ere gogoratzen dut orduko sentsazioa: Bruselan trenean sartu eta ordubeteko bidea lautada luze eta mendi gabeko paisaietan, eta gertuen geneuzkan fundamentuzko mendiak Alpeak ziren sentsazioa. Ito egiten ninduen pasaiak. (Gehitu horri Bizkaiko kostaldeko lagunaren itsaso-falta). Norbere herriei ikusten genizkien txar guztiekin adiskidetuta itzuli ginen etxera. Zoazte lasai oporretan, eta ez bidali postalik. Guk ere badugu Instagram.