Kasetean daude –mp3 bakarrean orain– mende berriko lehen Gabonak, nire erdizkako erreak eta bere zeta eta ese zuzenak. Zerbait gelditu zaigu ordutik. Hizketan ikasi, eta isiltzen jakin ez. Gerora etorri zen hori. "Ez duzu askorik hitz egingo eztabaida batean, baina zorrotza zer zaren". Sinpatian egiten ditut ahaleginak, baina gela beteetan, azken sententzia labur eta gordin botatzearekin konforme.
Ez da estilo kontua. 3 urtera iritsi gabeko neskatilak neskatila moduan ikasi zuen noiz zegokion hitza, noiz entzuten zuten, noiz egiten zioten kasu, eta noiz kasurik ez. Aste berean aurkitu ditut 2001eko Gabonetako grabazioak eta Marc Giroren esaldi presazko eta zorrotza: "Aberats eta gizonek hitz egiten duzue astiro. Tartea duzuelako, entzun zaitzaten ohituta zaudetelako. Baina guk, pobreek, emakumeek, marikek... guk azkar hitz egin behar dugu, badaezpada". Hitz gutxiko sententzia zorrotzekin, badaezpada.