Geranioak

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zuazubiskar 2020ko mai. 15a, 00:00

Agenda hustu zait. Bakoitzak ditu bere minak, bere itoak, bere arnastu ezinak. Eta hau da nirea. Udaberriko orriak beteta nituen, eta agenda hustu zait. Ez dut hausnartzeko gogorik. Ez dut pentsatu nahi. Ohartu naiz zenbaterainoko presaz nenbilen. Egia da, eta badakit. Baina ez dut nahi. Hau da nire dolua.

Goierriko elkarte batean behar nuke gaur, edo Gernikako areto batean, bertsotan, zintudan hitzari lau oin aurkitu nahian. Gustatu egiten zait, aldiro kasualitate berrietarako aitzakia izatea. Hori da agenda hutsaren minik handiena. Tarte batez, ezer gutxi gertatuko da kasualitatez. Idatzi-deitu-eskatu beharko ditugu tarteok, disimulurik gabe. Bakoitzak ditu bere itoak. Balkoian gaude. Zeru zati hesitu honetan harrapatu du gure belaunaldia udaberriak. Geranio artean argitu zaigu aitona-amonekin dozenaka alditan eztabaidatutakoa: gurasoak baino okerrago biziko gara. Gutxiagorekin ere bai, baina ez dute zertan baliokide izan. Ez dugu pentsatu nahi.

Orain ohartu gara zenbateko zamaz genbiltzan. Egia da, eta badakigu. Baina ez dugu nahi. Hau da gure dolua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak