Bertso-eskolan lehena. Atzekoen barruko arropari kantatzeko eskatu zioten gutako bati. Nik neurri laburrean sartuko nukeen esaldi bera sartu zuen aurrekoak; goitik behera beltzez jantzita nengoela, betiko moduan, eta kolore bera izango nuela azpikoetan ere. Egia zen, eta erantzun erraza zeukan.
Bertso-eskolan bigarrena ere. Atzean gintuen bostak animalia banarekin alderatzeko eskatu zioten aurrean genuenari. Goitik behera beltzez jantzita, orduan ere. Pantera beltza hark, eta nik piztiak, eta kontuz, eta eseri berriro ere.
Plazan izan zen hirugarrena. Ariketa: margolari baten ahotik kantatzea, eta atzeko bakoitzari nolako erretratua egingo zeniokeen azaltzea. Erantzuna prest nuen hura kantuan hasi zitzaidanerako. Eta hark ez zituen aipatu, ez nire zapata beltzak, ez nire galtza beltzak ere. Baina nik bai. Gero egin nion haginka mingainari, eta eskertu nion bertsokideari.
Kontuz zutaz uste dutenaz uste duzunarekin. Azkenerako sinetsi egin dezakezu. Ez naiz arropaz ari.