Familia. Eta deserria, ihesa, 36ko gerra, kontrabandoa, muga. Hiru, lau, bost korapilo eztarrian. Nekez hitz egiten dugu memoriaren sokan gertu samar ditugun korapiloez: "Orain hasi dira batzuk hizketan", amamak eta aitaitak euren etxeko sukaldean. "Duela 80 urtekoak bizi izan zituztenen ahotik ezingo ditugu entzun bestela", nik.
Entzun ditut kontuak sukaldean; galdetu, gutxiago. Kosta egiten zaigu hain gertuko ez zaigun garaia gertuko zaizkigunengandik jasotzea. Baina behar, biak behar ditugu sokari helduko badiogu. Geureen korapiloak –eta beraz geureak– eta korapilo handiak –eta kontatzen ez diren zatiak–.