Asteartea. "Hartu arnasa, bota arnasa, hartu arnasa sakonago. Luzatu ezkerreko hanka, behatzak zuzen jarri, ez, horrela ez, horrela bai". Eta besteak oooommm, eta zu isilik, auzo lotsak jota baino zure burua tartean ikusteaz lotsatuago. (Bai, yoga egiten hasi naiz; ez begiratu horrela, behintzat ez naiz mendian korrika hasi)
Osteguna. Broken Brothers Brass Band gaztetxean, gogoratzeko moduko kontzertua. Iruñeko haize epela udazken hasiera gauean. “Beste bat” eta musikariak oholtzapean, eta ingurukoak dantzan. Eta zu, bigarren ilaran, lotsatuta. Ba ote den ezer bertakoagoa bigarren ilaran jarri eta lotsatzea baino, ba ote den ezer arrasatearragoa.
Eta ba ote den ezer arrasatearragoa, bigarren ilaran geldi egon, eta gero ezer egiten ez delako kexatzea baino.
Eta “arrasatearra” idatzi dudan lekuan, zuek jarri nahi duzuena. Eroak beti besteak badira, egiten ari direnak ere beti dira besteak.