Isila, baina irribarre gozokoa. Jende neurtua, inori traba egin baino nahiago duena burua gora eta behera mugitu. Trabarik egiten ez duena. Isilik egotea gehiegizkoa denean esaldi anbiguo laburrak erabiltzen dituena; eztabaidaren gaia edozein dela ere. Alde batera edo bestera lerratu nahi ez, eta tarteko marra estuan hanka puntetan aritzen dena.
Eta bada jende grisa. Orbanik gabea, neurrikoa, baina isilik egoten ez dakiena. Komenentziaz alde batera lerratzen dena, baina nahiago duena erdiko marran oinez dabilela esan. Harria bota eta eskua patrikan gorde. Inoren aurka egitea nahiago duena, duen botere apurra galtzea baino. Ditxosozko ekidistantzia.
Urrundik nabil Kataluniara begira, herritarrek paper zuriak nola margotzen dituzten begira. Inbidiaz. Urrundik ari naiz Euskal Herriari adi, espero ez nituen lagunak lapikoei joka ikusteaz harro. Gustura aipatuko nuke euskal erdiko lehendakaria zenbateraino den grisa. Eta zein neurrikoa nire haserrea. Baina zuri izan nahia zer den.Ahoa itxiko dut, irribarre gozoz.