Komunikatzailea da Y; kazetari multimedia. Eguna erotuta ematen duen horietakoa. Erdi barrez, erdi serio esan dit parrandan, hobe dudala bertsolari moduan egin karrera, eta ekidin bere estutasunari dagokion soldata estua.
Janzkeraz neutroa izan dadila kazetari lanean ari denean. Irakasleak eman dio aholkua Z-ri, eta arrazoia eman dio berak. Asmo onez esan dio, lana txukunagoa izango dela sinetsita. Ez horregatik bakarrik. Bide zuzenean lerratzeak lan aukerak areagotuko dizkiola uste du irakasleak.
Ostegun gaueko ordu txikitan harrapatu gintuen gu elkarrizketak. Eta han, komunikazioko sei ikasle hasiberri, autozentsuraren beharraz hizketan. Komunikatzaile profesional izan aurretik inkomunikatzaile probisional izatearen onurez.
Nahi genuen mundua aldatu. Eta orain, izango bagara, izango gara marka zuriko komunikatzaile prekario. Ahaztuta, zurikeriak gehiegi duela grisetik, eta neutroak ia dena botereari eustetik.