Ebakia izotzarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ane Zuazubiskar 2016ko ots. 26a, 09:29

Ohiko kafe-kideak bota dit epaia: “Uste dut gure belaunaldian guztiok izan garela apur bat anorexikoak".

Apur bat. Haragiak husteko ahaleginean guztiok aritu izan garela, alegia, hezur huts izatera heldu ez garen arren. Sabela korapilatu dit ados egon beharrak. 

Baina, buruarekin baietz. Josi izan ditugula ezpainak elkarrengana, egin diogula hozka mihiari, eta uko bazkalosteko gozoari. Eta lagunak baietz, baietz buruarekin. Aritu izan garela etxekoei gezur txikiak kontatzen, komunera bueltaka noizbehinka, edo kirolzaletu izan garela goizetik gauerako tartean. Eta bestela, astean bitan sei kilometroko korrikaldiak egiten hasi garela, herri krosen bat aitzaki hartuta.

Irentsarazi digute asetzeko sabela hutsik izan behar bat; eta guk, irentsi. Heste gorriraino irentsi ere. Pisua zama zaigu aspaldion, eta izterren bitarteko hutsunea obsesio. Pentsa nola atsekabetzen gaituzten gertukoen "mejoratuta zaude"-ek; eta nola pozten aspaldi ikusi gabeen "nola argaldu zaren" bakoitzak.

Nahi nuke esaldi potoloren bat amaitzeko. Ukabila jaso, oihuz esan, eta sabeleko haragiei ez begiratzeko neurrikoa. Baina, buruarekin ezetz. Ez zait horrelakorik bururatu. 

Ebakiari azken tragoa eman, eta mendi bueltak utzitako izerdi lehorra garbitzeko asmotan etxeratu gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak