Emakume, inspirazio iturri

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Vitoria 2016ko mar. 4a, 07:58

Emakumeek inspiratzen naute. Bere burua maite duen neskak, emakume libreak direnak eta emakume libreak izan nahi dutenak. Taula gainean ozen kantatzen duenak. Ahotsa harro altxatzen duen neskak.

Sekretuan negar egiten duenak eta zure sekretu guztiak ezagutu arren, epaitzen ez zaituen lagunak. 

Irribarre batekin lasaitzen zaituenak; zure irribarrea ateratzen saiatzen denak. 

Urteak elkar ikusi gabe egon arren, denbora pasatu ez dela konbentzitzen zaituen lagunak. 

Lanean jo eta ke alboan sentitzen duzun kideak. 

Maite duen pertsona zaintzen duen emakumeak eta maite duzun pertsona erditu duen amak. 

Egunero zure zain dagoen amonak eta egunero zu besarkatzeko eta laguntzeko prest dagoen amak.

Zuengandik guztiongandik ikasten dut zerbait. Zer da ba bizitza, ikastea ez bada?

Egunen batean zu besarkatzeko eta laguntzeko prest dagoen ama izango naiz. 

Egunen batean, zure zain dagoen amona izango naiz edota maite duzun hori erditu duen ama. 

Maite dudan pertsona zaintzen jarraituko dut. 

Lanean jo eta ke alboan sentitzen duzun lankide hori izango naiz. 

Urteak elkar ikusi gabe egon arren, denbora pasatu ez dela konbentzituko zaitut. 

Zure irribarrea ateratzen saiatuko naiz. 

Irribarre batekin lasaituko zaituen lagun hori izango naiz. 

Zure sekretu guztiak ezagutu arren, ez zaitut epaituko. 

Bai, sekretuan negar egiten jarraituko dut. 

Taula gainean, ozen kantatzera ausartuko naiz. Ahotsa altxatuko dut. Emakume librea izango naiz eta, zalantzarik gabe, nire burua maitatuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak