"Johnny got a boom boom"

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Vitoria 2014ko aza. 17a, 10:57

Johnny got a boom boom kantuarekin ezagutu genuen askok. Irlandatik dator, Dublinen sortutakoa.

Ez da artista berri horietakoa. 40 urte bete ditu aurten eta esperientziaz betetako abeslaria da. Abeslaria ez ezik, bodhran danborra jotzen ere ikusi dugu behin baino gehiagotan. Buddy Hollyrekin ere konparatu izan dute irlandarra eta duela gutxi Euskal Herrian izan genuen. 

Halloween gauean, Bime jaialdira iritsi zen eta bere indarra erakutsiz, energiaz bete zuen agertokia. Gau batez, rockabillya BECen protagonista.

40-50eko hamarkadako itxura mantendu nahi izan du, eta eskertzen dugu, egia esan. Bere esentzia ez da galdu eta vintage-aren garaian bizi garela ikusita, nola diren gauzak, modernitatearen ikurretako bat ere izan liteke momentu honetan Imelda May. 

Rockabilly estiloaren erreginetako bat dela argi dago. Baina ez da rockabillyan bakarrik zentratzen, noski. Swing, jazz, blues ukituak ere antzematen ditugu bere doinuetan. 

Blues Calling izeneko kantua da nire faboritoa. Aitortu beharra daukat. Bluesaren osagai guztiak dituen abestia. Doinu tristeak, letra malenkoniatsuak... azken finean, bluesa hori da, ezta? 

Itunes Festivalen deskubritu nuen bere zuzenekoa. Engantxatzen zaituen emanaldi horietakoa. Doinu dantzagarriak, alaiak egiten erregina da. Ez da erraza geldi egotea Imeldak bodhrana astintzen duen bitartean; baina doinu ilunak, malenkoniatsuak, blues doinuak egiteko dohain berezia antzeman diot. Agian, gaztaroan bizi izan zuen esperientziak lagundu zion. Hala zioen bere aitak, behintzat. 16 urterekin mutil koxkor batek bihotza apurtu zion Imelda gazteari eta orduan hasi zen benetako bluesa kantatzen. Sufritzea zer den jakin zuenean. 

Guk ez dugu sufrituko. Ezta pentsatu ere! Asko disfrutatzen dugu bere doinuekin, eta hala izan bedi!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak