Telesailak dira Espainiako telebistako eskaintzan nabarmentzen direnak. Hala ere, eskaintza nahiko urria dela esan daiteke. Eta telesail batek arrakasta izaten badu, akabo. Gainontzeko telesail guztiak berdinak edo antzekoak izango dira-eta.
Aspaldi honetan Espainiako telesail gehienek iraganera egin dute salto. TVE katean emititzen duten Cuentame cómo pasó telesaila izan zen aitzindarietako bat. Eta horren atzetik iraganean girotutako istorioak kontatzen dituzten telesailak agertu dira: Amar en tiempos revueltos, La república, Piratas, Hispania, El secreto de puente viejo, eta abar. Kate guztietan telesail bera ikusten ari garela ematen du. Istorio bera berdin kontatuta eta berdin girotuta.
Atzera begiratu behar dute oraina ez zaielako, agian, gehiegi gustatzen eta etorkizunaren beldur direla ematen du. Baina faktore guztien gainetik, audientzien beldur dira. Irudimena ahaztu zaie, akaso. Audientzietan pentsatzen ari dira istorioetan eta ikus-entzulean pentsatu beharrean.