Ez da beharrezkoa. Beste tresna batek indarra hartu du. Orain arte, gure sofako protagonista telebistaren mandoa izan da, baina, aspaldi honetan, ordenagailua zeresana ematen ari da. Ordenagailua gure telebista bihurtu da. Gure eta, batez ere, gure seme-alaben ohiturak, poliki-poliki, aldatzen ari dira eta ezagutzen genuen telebistak ez digu balio.
Telebista ikusteko filosofia ez dugu galdu, hori ez. Aldiz, ikusteko era aldatu da. Telebista kateek badakite etorkizuna non dagoen eta hasi dira euren saio guztiak interneten emititzen.
Ordenagailuek eta mugikorrek hainbat aukera eskaintzen dizkigute telebista pantaila batek ez dizkigunak momentu honetan ematen. Horien artean, denbora eta lekua; alegia, etxean bakarrik ez, edozein lekutan eta edozein momentutan ikusteko aukera ematen digu internetek. Beraz, telebista paretik kentzea zaila izango da. Horrela jarraituz gero, etorkizunean ez da arraroa izango mendi puntan albistegiak mugikorreko pantailetatik ikustea.