Esker onez

Erabiltzailearen aurpegia Asier Urzelai Letona 2016ko aza. 19a, 00:00

Duela egun gutxi hil da gure ama, Carmen Letona Errasti.

Lerro hauen bidez, eta berak hala eskatuta, eskerrak eman nahi dizkiegu bihotz-bihotzez azken urte hauetan eta bereziki azken egunetan bidaia-lagun izan ditugun Osakidetzako langileei. Ezinezkoa da guztien izenak banan-banan aipatzea, aurpegiak ezagutu arren guztien izenak ez baitakizkigu. Hemen doa gure ahalegina:

Hasteko, Txagorritxuko onkologo eta kimio-geletako erizain eta auxiliarrei. Bereziki, gure onkologoa izan den Isabel Perez Basocori. Isabel beti saiatu da gaixo eta familiartekoekin behar besteko denbora hartzen. Gaixoa ezagutu eta kezka guztiak argitzen. Gaixoko ezarrita dituzten minutu horiek aise gaindituz eta ondorioz bere lanorduak aise luzatuz.

Eskoriatzako osasun zentroko mediku, erizain eta harreragileei. Bereziki, Silvia Morenori. Zer ez esan Silviari buruz. Silvia izena aipatu eta amari irribarre eder bat marrazten zitzaiola aurpegian. Silvia aingerutxo bat bezala izan da guretzat. Kuttuna.

Eta azkenik, Debagoieneko ospitaleko hirugarren solairuko mediku, erizain eta auxiliarrei. Han pasatako lau egun horiek benetan bereziak izan direla: aurpegi atseginak, keinu goxoak, arreta etengabea, gure kasa egoteko lasaitasuna...

Aipamen berezia egin nahi diogu Arrasateko ospitalean mediku izan dugun Iñaki Peñari. Luxu eta plazer bat izan da berarekin bide hau egitea.

Heriotza beti traumatikoa zela uste genuen. Heriotza min eta sufrimenduarekin lotzen genuen. Ospitaleak leku beldurgarriak zirela uste genuen. Orain, ikasi dugu hori ez dela horrela. Heriotza era lasaian eta minik gabe hel daitekeela. Maite dituzunak alboan eta askatasunean.

Ze ederra den bizitzaren amaierara iristen gabiltzan unean hain ulertuak, babestuak eta lagunduak sentitzea.

Eskerrik asko denoi eta besarkada bat.

----------

Asier eta Leire Urzelai Letona

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak