Garai hartan, Tejeroren kolpea, polimiliak garaiko Barne ministro zen Juan Jose Rosónekin bukaera negoziatzen, eta Estatutua eta Kontzertua hasi berri zeuden.
Elkarretaratzearen arrazoiarekin oroitzen ez banaiz ere, nintzen haurraren gomutan, ordea, argi gelditu zen irudi bat: Polizia Nazionalagatik banatuta, inguruan, hatz erakuslearekin seinalatzen gintuen jende pila bat, "Ahí están, esos son los amigos de Rosón" oihukatzen zuen beste manifestaldi bat.
Gure amak esan zigun: "Gu isilik, eta aurrera". Isilik eta aurrera, EAJko jendearen patua.
Horrekin gogoratu nintzen bandera espainiarra Eskoriatzako Udaletxeko balkoian txintxilikatua ikusi nuenean, eta pentsatu nuen gaur geuk esan geniezaiokeela ezker abertzaleari: "Ahí están, esos son los que ponen la española en el balcón".
Ezker abertzalearenak marka guztiak hausten baititu. Hara ze aldrebesak izango diren, hamaika izen izan ondoren, 45 urte, 800-900 hildako, 600-700 preso, hainbat bahiketa, eta zerga iraultzailearen bitartez makina bat diru xahutu ostean, asmatu dutela Sortu.
Edonork esan ahal izango luke, normal batean, lehendabizi Sortu egin behar dela eta gero dagokion bidea egin.
Eta hara non, orain finantzaketa behar zutela eta, berriro legeztatzen dira, eta konbertso handienaren erara, lege sinesgarritasuna irabazi nahian edo, mantso-mantso udaletxeetako balkoiak bandera espainiarrez betetzen dizkigute.
Non gelditu ote dira "ikurrina bai, bai; espainola ez, ez" bezalako oihuak?
Non beste batzuk ipintzera derrigortuak ikusten zirenean sortzen ziren bandera gerrak?
Non gure Elgoibarko Mandelak iragartzen zuen fase politiko berrirako desobedientzia zibila?
Non ote Telesforo Monzón "zuek utopikook zarete herriaren etorkizuna" esaten?
Hemen eta orain ez dago ez utopiarik, are gutxiago, sozialismorik, ezta independentzia, amnistia edo negoziaziorik ere.
Gorenean dagoena, ordea, ezker abertzaleak ipinitako bandera espainiarra da.
Azken 50 urteotako historiak demostratzen digu borrokak euskal kausa nazionalari kalte besterik ez diola egin.
Horregatik, EAJkook, eurak bezalakoak bagina, erabat zilegiztatuak geundeke "¡Bildu español!" esateko.
Baina eurak modukoak ez garenez, beti bezala jarraituko dugu: isilik, eta aurrera.
----------
Aitor Urrutia
Eskoriatza