"Europari begira"

Erabiltzailearen aurpegia

Europa iparraldea dute erreferente PNV-PSOE-PPk zabor kudeaketa arloan, antza.

Alemania, Danimarka eta Suedia aipatzen dira "sozio-ekologikoki aurreratu"  bezala. 

Suedian eta Danimarkan hondakinen %45 eta %55 erretzen dira konkretuki, eta birziklatzen dena %40 da bietan. 

Birziklatu ahal den hondakin kantitatea %70-80 bada, garbi dago asko dutela hobetzeko. 

Alemaniak %64 birziklatzen du, baina ez dezagun ahaztu bertako unitate administratiboen %59tan organikoa   selektiboki banatzea behartzen dutela, Austria osoan bezala. 

80ko hamarkadatik hona, oso errauskailu gutxi eraiki dituzte, gainera, zabor kudeaketaren paradigma aldaketaren seinale. 

Organikoa nahitaez jasotzeari esker lortzen dute Alemania, Austria, Flandria, Katalunia eta Italia iparraldeak dituzten emaitza erlatiboki onak, eta ez dezagun ahaztu konposta egiteko 400 instalazio baino gehiago dituela Europak. 

Ez zaudete Europara begira, justifikazio bila baizik.

PNVk soberan dagoen %20-30 erre behar dela dio. 

Nola liteke, orduan, Bizkaian oraindik %40ko birziklapen mailara iritsi ez izana? 

Eta Zubietako    erraustegia Gipuzkoako zaborraren %60 erretzeko diseinatzea? 

Hitz politen atzean errealitatea dago, eta hauxe da PNVren kontradikzioa, birziklatu ahal dena bere osotasunean biltzeko alternatibarik proposatzen ez baitu, bosgarren edukiontziarekin ez baita hori inon lortu. 

Europara begira omen zaudete, azpimarra dezagun orduan 2012ko maiatzean Europako Parlamentuak 2020rako material birziklagarrien errausketa debekatu egin zuela erabakiaren aldeko 479 botorekin eta kontrako 69rekin.

Kontuak kontu, Europa inoiz ez da eredugarri izan ingurumenaren arloan edo gizarte politiketan, hori saldu diguten arren. 

Ez dezagun ahaztu Ameriketako Estatu Batuen txakur txikia izanik, munduan barrena  lapurtutako baliabide   natural eta giza-kapitalari esker eraiki dela gure gizartearen oinarri den metabolismo agro-urbano-industriala. 

Eskuinari ahaztu egiten zaio detaile hau. 

Europa hazkuntza ekonomiko mugagabean oinarritzen da, eta logika hau posizio antagoniko baten dago jasangarritasunarekin, politikari "ekokapitalistek" diskurtso "berdez" kutsatzen diguten arren. 

Erreferente bila ez joan Europara, Gipuzkoa askoz gertuago dago.

--------------------

Aimar Uribesalgo

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.