Nire kasuan, futbolaria izan da sarri entzun izan dudana. Eta beti eman dit zer pentsatua; ez zait inoiz gustatu. Futbolariaren alde ilunak gehiago ikusten baititut argiak baino. Gizonkeriatik, matxismotik, zakarkeriatik eta indibidualismotik gehiago baitu gaur egungo futbolariak kontratik baino. Eta zer esanik ez gaur egungo futbolaren sistemak berak; gizartearen erakusleiho nagusienetakoa izanik, ez gara gai epaileak eta jokalariak iraintzen direnean edo deiadar arrazistak edo homofoboak entzutean ahotsa altxatu eta hori salatzeko. Albistea lehen lerroan dagoenean, orduan bai, orduan denok gara eredugarriak.
Inoiz ez naiz futbol talde baten jarraitzaile sutsua izan, futbola ikusi eta jokoaren emozio horren aldekoa baizik. Urteetan kirol ikuskizun horren parte izan naiz, eta taldekideen laguntasunaz, harremanez eta jokoaz gozatzea izan ditut helburu, futbolak badituelako bere alde onak, pizti jarreretatik aparte jende eredugarrien golak ospatzeko gogoa ematen dutenak.