Azkenaldian, denbora asko eskaini diogu inguruan Hezkuntza Lege berriari, eta egunotan, hain justu, eskola segregazioa bukatzeko neurriak iragarri ditu sailburuak –ikasle berrien onarpen prozesuan oinarrituko dira, orokorrean–. Lehen urratsa egin dute, orain arte onartu eta azaleratu gabeko zuhaitzaren adarrari helduz. Hala ere, epe motzean ez dio sakoneko arazoari aurre egingo. Gertu bizi dut egoera, ikastetxe publiko bateko irakasle naizen aldetik. Atsekabez ikusten ditut ikastola baten eta eskola publiko baten atarian daudenen aldeak, zenbait familiak irteerak ordaintzeko duten ezintasuna… Ordea, Oñatiko Inauterietan, herriko hiru eskoletako haurrak batera dantzan irteteak esperantza printza bat ekarri dit. Instituzioetatik haratago, gizarteak eragin dezake arduraz: sortu nahi dugun hezkuntzaren erroa elkartasunean eta aukera berdintasunean oinarrituz.