Gaia erpin ezberdinetatik aztertu daiteke: ikasleak notaren arabera sailkatzeak dakarren injustizia, helegitea jarri duten ikasleen euskara nota kontuan ez hartzeak beste batzuekiko eragiten duen aukera berdintasunaren urraketa, eremu akademikoaren judizializazioa euskararen kontrako oldarraldi betean… Gaurkoan, klase sozialak eta hizkuntzak gurutzatutako botere harremanean jarri nahiko nuke arreta.
Ez da kasualitatea euskara azterketa izatea eta ez matematika edo gaztelania. Eta ez da kasualitatea ere Bizkaiko A ereduko ikastetxe pribatu zein itunpeko zehatzetako ikasleak izatea helegitea jarri eta botere faktiko ezberdinak euren interesen alde atera izana. Zeroetatik harago, hizkuntza hegemonikoan mintzo diren klase pribilegiatuek euren pribilegio egoera mantentzeko estrategia batez ari gara. Honen aurrean, premiazkoa da justizia soziala oinarri izango duen eta ikasle guztien euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza sistema euskaldun eta burujabe bat eraikitzea.