Konpromiso militante sakonak eta etorkizun hobe bat eraikitzeko determinazioak eraman zuten mundu berri baten aldeko borrokan bizia ematera. Asko dira orduz geroztik munduaren luze-zabalean zein gure herrian izandako borrokak, garaipenak eta porrotak. Fukuyamak aldarrikatutako historiaren amaiera etorri ez bada ere, ematen du etorkizun desiragarriak imajinatzeko gaitasuna kamustu digutela. Errazagoa zaigu etorkizuneko mundu distopiko bat irudikatzea, herrien arteko xamurtasuna oinarri izango duen mundu bat baino. Eta imajinatzen dugun (edo ez dugun) etorkizunak erabat baldintzatzen digu bizi dugun orainaldia.
Etsipena nagusitu daitekeen garaiotan, ezinbestekoa dugu berriro ere bihotzean ditugun mundu berri horiekin amestea. Beharrezkoa dugu gure desioak, emozioak eta afektuak aktibatzea. Amorratzen, mintzen eta maitemintzen gaituenetik, aspirazio eta desira kolektiboak artikulatu behar ditugu. Arrazoiarekin batera, afektuak baitira mundu berri bat bihotzean daramagunok mugiarazten gaituztenak.