Nik, aurrekoan ikusi nuenaren ondoren, oso argi daukat. Banindoan bizikletan Gorlara igotzen, lunbagoa duen limako bat bezala, eta han non agertzen den arrano bat, hegaldi baxuan, bele bat harrapatzeko ondoko zelaian. Bizikleta geratu eta espektakulua ikusten geratu nintzen. Belea, hilzorian, garrasika hasi eta segundo gutxitan beste bi bele agertu ziren zarataka, bikoitza zen arranoari mokoka. Arranoa defendatzen ahalegindu zen, baina harrapatutako belea askatu behar izan zuen azkenean. Askatu bezain pronto, hiru beleek –zauritutakoa barne– arranoa erasotzen jarraitu zuten, pinudi batera ihes egin zuen arte. Berehala pinudia belez inguratu zen, denak zarataka; 70-80 bele bilduko ziren… Aho zabalik geratu nintzen.
Ikerketek diotenez, espezierik inteligenteenetakoa da belea; ez daukat dudarik, zelako talde kohesioa. Beste baten kontatuko dizuet Pirinioetako behi batailoi batekin pasa genituenak; ia beleak deitu behar ataka hartatik ateratzeko...