Ixo!

Erabiltzailearen aurpegia Asier Elorza 2015ko uzt. 14a, 09:34

Urte asko pasa dira nerabe izan nintzenetik, eta, normala den bezala, nire gustu eta preferentzia asko aldatu egin dira: jatekoak, liburuak, musika... Baina badago gaizki daramadan aldaketa bat.

Gaztetan, giroa eta zarata zegoen tokietan gustura egoten nintzen, eta horren bila ibiltzen ginen. Orain, berriz, ez zaizkit gustatzen jende asko biltzen den tokiak, eta bake eta isiltasun bila ibiltzen naiz. Nerabeekin lan egiten dut eta bi alaba gazte ditut, pentsa zelako erronka... Eta hori gutxi balitz, herriaren erdigune zaratatsuan bizi naiz.

Aspaldi, munduan zehar belaontzi batean urte pila batez bidaiatu zuen familia bati entzun nion gizarteratzean gehien kostatu zitzaiena berriz ere zaratetara ohitzea izan zela. Harrituta geratu nintzen, baina orain oso ondo ulertzen dut. Isiltasun giroa lortzen duzunean konturatzen zara zer estres sortzen duen zarata artean bizitzeak.

Saturatuta sentitzen naizenean, herria inguratzen duten tontortxoetakoren batera igotzea gustatzen zait, eta, distantziatik, herriak sortzen dituen zaratak entzuten lasai egoten naiz. Ze etsipen zulora jaisteko ordua heltzen denean…

Kontaminazio akustikoa deitzen omen da, beste kontaminazio motak bezain garrantzitsua; baina ez dakit gure gizartean garrantzia handiegirik ematen diogun. Homer Simpsonek esaten duen moduan: "Ixo… ezin ditut nire pentsamenduak entzun eta…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak