Jakinduria eta indarra transmititzen ziotela esaten zuen. Friki baten txorakeriak ziruditen, baina ez dakit zergatik atentzioa eman zidan. Zuhaitzen eta gizakien arteko erlazioari buruz pentsarazi zidan.
Fotosintesiaren bitartez bizitzeko behar dugun oxigenoa sortzeaz gain –gutxi balitz bezala–, zenbat gauzatarako erabili ditugu? Sua egiteko, etxeak egiteko, itsasontziak, liburuak, erremintak… zerrenda amaigabea da. Pentsatzen dudanean zuhaitz gabe ez zirela gitarra eta biolina bezalako musika instrumenturik existituko… idatzi hau irakurtzen ari bazarete ere, paperari esker da.
Zeltek zuhaitzak miresten zituzten, eta beraien egutegian, ilargiaren fase bakoitzari zuhaitz mota bat zegokion. Ume bakoitzaren jaiotzarekin zuhaitz bat landatzen zuten, eta, batera hasteaz gain, berari zegokion zuhaitza zaintzea. Hiltzen zenean zuhaitzaren ondoan lurperatu edo enborraren barruan sartzen zuten.
Bizitzaren bidaia honetan gure lagunak izan dira, duda barik… bueno, hobeto esanda, gure laguntzaileak… lagunak beraien artean zaintzen dira eta guk orokorrean gure interesetarako bakarrik erabili ditugu.
Niri ere zuhaitzak besarkatzeko gogoa piztu zait… zergatik ez? Mila arrazoi dauzkat.