"Maiatzaren Lehena: lotu borrokari!"

Erabiltzailearen aurpegia Ana Sebal Agirregabiria 2012ko mai. 1a, 02:00

Martxoaren 29an Euskal Herri osoa irten zen kalera.

Gure herriak hiru urtetan burutu duen laugarren greba orokorra izan da. Eta orain zer? Euskal langileria osoa antolatu egin gara, elkarrekin borrokatu gara eta erabaki egin dugu: inposaketa gehiagorik ez! Murrizketa gehiagorik ez! Orain errespeta dezatela argi eta ozen aldarrikatu duguna.

Bestelako Euskal Herria eraiki nahi dugula adierazi dugu: aberastasunaren eta lanaren banaketa justuan oinarrituta, kalitateko enpleguaz, sektore publiko sendo eta eraginkorraz, osasun eta hezkuntza unibertsalaz, babes sozialaz, emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaz... eta, denaren gainetik, erabakiak herritarrok hartu behar ditugula aldarrikatu dugu. Orain errespeta dezatela.

Bide bakarra dago sartu nahi gaituzten zulo honetatik irteteko: Euskal Herria eta euskal herritarrak burujabeak izatea, burujabeak merkatuen diktaduraren aurrean, burujabeak estatuen inposaketen aurrean. Galdutako boterea berreskuratu behar dugu, botere politikoa eta botere ekonomikoa, herritarrok erabakitzeko boterea, hain zuzen. Baina boterea berreskuratzeko borrokatu egin behar da, esparru guztietan eta egoerari buelta eman nahi dioten guztiekin batera, gehiengoa garelako aldaketa nahi dugun herritarrak. Gure eskubideak errespeta ditzatela.

Momentua da bestelako Euskal Herria erabakitzeko. Patronalaren asmoak lantokiz lantoki eta sektorez sektore gelditzeko, bankari gure bizitzekin ez dela jolasten argi uzteko, instituzioak herritarron zerbitzura eta ez kapitalaren mesedeetan kokatzera behartzeko, Iruñeko eta Gasteizko gobernuak sukurtsal espainol hutsak izateari uztera behartzeko. Ez dute sekula lortuko euskal langileria burumakur eta etsituta ikustea. Gure erabakia errespeta dezatela.

Aurtengo Maiatzaren Lehena oso testuinguru berezian dator, krisi ekonomiko bete-betean, astetik astera erabaki eta murrizketa berriak inposatzen ari zaizkigunean; azkenak egunotan, osasungintza eta hezkuntzan. Hau dela eta, LAB sindikatuak aurten manifestazioak eskualdeka burutuko ditu, gobernuetatik ezartzen ari diren neurri eta erabakiak pairatzen eta borrokatzen dituzten herritarrak bizi diren tokietan, hain zuzen ere. Maiatzaren Lehena, jaieguna izanda ere, aldarrikapen eta borroka egun bezala ere ulertzen dugu; beraz, eguerdiko 12etan Eibarko Untzaga plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Langileok Euskal Herria eraikiko dugu!

--------------------

Ana Sebal, Jose Ramon Kortabarria eta Ander Gallego

(LAB sindikatua)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak