Arrasatearrak argi zuten bi puntuak etxera ekartzeko helburuarekin kantxaratu behar zutela, eta hasieratik erakutsi zuten garaipena lortzeko gogoa. Ondo ekin zioten neurketari, eta berehala lortu zuten hiruzpalau goleko abantaila hartzea. Lehen zatian zehar alde horri eustea lortu zuten, eta atsedenaldira joan aurretik aldea handitu zuten (11-16).
Bigarren zatian, ordea, arrasatearrei gehiago kostatu zitzaien aurkariaren atea aurkitzea. Hala ere, defentsako lan sendoari esker, Hernanik ez zuen markagailuan gerturatzeko aukerarik izan. Gainera, Iñigo Salterain atezainak egindako geldiketek ere lagundu zuten abantailari eusten. Minutuek aurrera egin ahala, Arrasateren nagusitasuna gero eta nabarmenagoa izan zen, eta azkenean hamar goleko aldearekin amaitu zen partida (21-31).
Hiru porroten ostean, garaipen hau bereziki garrantzitsua zen taldearentzat, eta kantxan erakutsitako jarrerak helburua lortzeko bidea eman zien. Orain, dinamika onari jarraipena ematen saiatuko dira asteburu honetan, Ordiziren aurka jokatuko duten neurketan. Iturripen izango da hitzordua, zaleen aurrean.