Arrasate Eskubaloik ezin izan du Munttarperen aurka (28-21)

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Eskubaloi Taldea

Argazkia: Ricardo Santa Cristina.

Arrasate Eskubaloik 28-21 galdu zuen zapatuan Munttarperen aurka, Lezon. Bigarren zatian izandako deskonexio batek erabaki zuen neurketa, etxeko taldeari abantaila handia hartzeko aukera eman baitzion.

Norgehiagoka ez zen markagailuak erakusten duen bezain desorekatu hasi. Lehen minutuetan 8-4 atzetik jarri ziren arren, erreakzionatu eta emaitza berdintzea lortu zuten. Hala, 10-10ekoarekin iritsi ziren aldageletara.

Atsedenaldiaren ostean, Ane Herreroren mutilek dinamika onari eutsi zioten, eta aurretik ere jarri ziren markagailuan (14-15). Une horretan, ordea, partidatik deskonektatu ziren arrasatearrak, eta Munttarpek aprobetxatu egin zuen aldea handitzeko. Horrela, 22-17ra iritsi ziren etxekoak.

Azken minutuetan, Arrasate Eskubaloi aldea murrizten saiatu zen, baina beranduegi zen. Azkenean, 28-21eko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka, eta arrasatearrak esku hutsik itzuli ziren etxera.

Hirugarren porrota jarraian izan da taldearentzat, eta bolada txarrari buelta ematea izango dute orain helburu. Horretarako, Hernaniren aurka jokatuko dute barikuan, etxetik kanpo, garaipenaren bidera itzultzeko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak