Hasiera txarrak baldintzatu du Arrasate Eskubaloi Leizaranen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Eskubaloi Taldea

Arrasate Eskubaloi taldea Leizaranen aurka. Argazkia: Ricardo Santa Cristina.

Arrasate Eskubaloik 25-28 galdu zuen atzo goizean Leizaranen aurka Iturripen. Ane Herreroren taldearen ahaleginek ez zuten saririk izan; hasierako desabantaila eta amaierako akatsak garesti ordaindu zituzten.

Partida ez zuten ondo hasi arrasatearrek. Norgehiagokan sartzea kostatu zitzaien lehen minutuetan, eta Andoaingo taldeak aprobetxatu egin zuen etxekoen hasiera eskasa. Hala, markagailuan alde nabarmena ireki zuten bisitariek, 4-10ekoa ezarriz.

Herrerok egindako aldaketei esker, ordea, Arrasate Eskubaloik erreakzionatzea lortu zuen, eta pixkanaka markagailuko aldea murrizten joan, (9-12). Hala ere, atsedenaldira 11-15ekoarekin iritsi dira bi taldeak.

Bigarren zatian, markagailuari bira emateko asmoz kantxaratu ziren etxekoak, eta bestelako jarrera erakutsi zuten: Defentsan sendo aritu ziren arrasatearrak, eta erasoan ere asmatu zuten. Lan horren ondorioz, lau goleko desabantaila gainditu eta 21-21ekoa berdintzea lortu dute.

Azken txanpan, ordea, nekeak eta hartutako erabaki txarrek kalte egin zioten etxekoei, horri probetxua atera zion Leizaranek markagailuan berriro aurrea hartu eta garaipena eskuratzeko. Azkenean, 25-28 emaitzarekin alde egin zien puntuek arrasatearrei.

Porrot honekin, denboraldiko laugarrena pilatu du Arrasate Eskubaloik. Hiru garaipen eta lau porroteko balantzea dute orain, eta sailkapenaren erdialdean daude, sei punturekin. Bi porrot jarraian jaso ostean, garaipenaren bidera itzultzea dute helburu datorren asteburuan, etxetik kanpo, Lezon, Munttarpe taldearen aurka jokatuko duten neurketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak