Ez da lehen aldia, ordea, etxebizitzaren gaia askotariko mugimenduen mobilizazio eta aldarrikapenetan egon dena. Azken hamar urteetan, Euskal Herrian hainbat greba egon dira; 2018 eta 2019ko greba feministak, 2020an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pentsiodunen mugimenduarekin batera deiturikoa, 2023ko Greba Feminista Orokorra eta, azkena, 2026ko martxoaren 17an euskal gehiengo sindikalak LGS (Langile-arteko Gutxiengo Soldata) propio baten alde deiturikoa. Greba bakoitzak aldarri nagusi propioak izan arren, askotarikoak izan dira herri mugimenduetatik egindako ekarpenak eta aldarri propioak. Aldarri komunak izan arren, ezinbestekoa baita subjetibitate, zapalkuntza eta problematika konkretuak aitortu eta izendatzea. Izan ere, ez gaitu soilik langile izateak pobretzen: emakume, sexu-genero disidente edota migratu eta arrazializatu izateak ere pobretzen gaitu. Lan banaketa sexualak eta kolonialak, eta pobreziaren feminizazio eta arrazializazioak etxebizitza eskuratzeko eta burujabetza materialerako are eta oztopo gehiago jartzen dizkigu.
Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok aurreko grebetan, etxebizitzaren gaia presente izan dugu hainbat aldarriren bitartez, atzerritartasun legearekin amaitzea, errolda sozialaren aldeko borroka, emakume pentsionistek errenta baxuen ondorioz dituzten oztopoak, etxebizitzaren sarbiderako dagoen genero arrakala, nahiz etxejabeek maizterrak hautatzeko erabiltzen dituzten irizpide arrazistak eta abar luze bat.
Azaroaren 11n, proposaturiko aldarri nagusiekin bat eginez, Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideok aldarri propioekin ere aterako gara kalera egiturazko irakurketa bat egiteko; indarkeria egoeretan dauden emakume* ugarirentzat etxea indarkeria bikoitza jasateko lekua dela eta horrekin amaitzeko baliabideak exijituko ditugu, etxeak alokatzerako orduan maizterrek erabiltzen dituzten irizpide arrazistak salatuko ditugu, herentzia kapitalistak familia zisheterosexualak betikotzeko tresnak direla, etxebizitza familiaren instituzioa mantentzeko tresna bat dela, pobreziaren arrazializazio eta feminizazioaren ondorioz etxebizitzarako sarbidea emakume eta sexu-genero disidenteontzat askoz ere mugatuagoa dela nahiz etxejabe nagusiak burgesak izateaz gain gizonak eta zuriak direla izendatuko dugu.
Aipatu beharra dugu greba hau Hego Euskal Herrikoa izango den arren, Ipar Euskal Herrian ere etxebizitzaren aldeko borroka bizia dela, hainbat ekintza herrikoi auzoetan eta hirietan baldintza hobe batzuen alde borrokan ari baitira. Bigarren etxebizitzek, alokairuen emendatzeek eta Airbnb-ek prekarizaziora eramaten gaituzte. Era berean, azaroaren 5eko Ipar Euskal Herriko Greba Orokorrarekin bat egiten dugu. Bizitzaren garestitzea salatzeko eta kaleak hartzeko. Euskal Herri osoan mobilizatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da.
Aurreko grebetan egin bezala, antolatu gaitezen eta atera ditzagun gure aldarriak kalera ekimen propioak eginez, mobilizazioetan gure lekua aldarrikatuz, etxebizitzaren gaiak dituen ertz guztiak azaleratuz eta askotariko zapalkuntzak aitortuz eta izendatuz.
Azaroaren 11n denok kalera!