Arrasate Errugbi Taldeko zaleek zapatu biribila bizitzeko parada izan dute gaurkoan, senior mailako taldeek Mojategin jokatutako bi partiduetan beste horrenbeste garaipen eskuratu baitituzte. Lehenengo Geurea RT-ko nesken txanda izan da, 31-7 nagusitu direnak Durangoren kontra. Ondoren, Julen Barrutiaren mutilek 60-10 hartu dute mendean Eibar.
Esan bezala, arratsaldea nesken partiduarekin, hasi da, 16:00etan. Joseba Zabalak zuzendutako taldeak, zelairatu bezain pronto, aurrea hartu du markagailuan, bigaren minutuan Aiora Agirregomezkortak lortutako entseguarekin. 7-0ekoak, baina, gutxi iraun du, ordu laurdena bete baino lehen Durangok markagailua berdindu baitu (7-7).
Zorionez, bizkaitarren erresistentzia horraino baino ez da iritsi, hortik aurrera konbinatu euskalduna jaun eta jabe izan baita. Irene Dolararen entseguak aurretik jarri ditu etxekoak eta, atsedenaldira joan aurretik, jokalari arrasatearrak beste tanto bat egin du. Gauzak horrela, 19-7ko errentarekin joan dira atsedenaldira Zabalaren neskak.
Bigarren zatian konbinatu euskaldunak agintzen jarraitu du eta, bosgarren minturako, Maia Guridiren entseguak eta Ane Rinconen transformazioak 26-7koa eraman dute markagailura. Hortik aurrera bizkaitarrak etxekoen erasoei eusteko gai izan dira eta, arauzko denbora amaitzeko zazpi minutu falta ziren arte, ez da markagailua gehiago mugitu. Guridik bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortu du, amaierako 31-7koa markagailuan ezarriz.
Garaipen honekin lidergoari eusten jarraitzen du Geurea RT-k, bigarren sailkatu Donostiari inongo aukera eman barik. Zabalaren neskek honezkero 29 puntu dituzte patrikan eta, donostiarrek, asteburu honetan ere hutsik egin ez dutela, bi puntura jarraitzen dute. Datorren asteburuan etxetik kanpo jokatuko dute Zabalaren neskek, Irunen, Txingudiren kontra.
Mutilen erakustaldia
Neskek bezala, senior mailako mutilek ere euren partidua irabazi dute, kasu honetan alde handiagoagatik. Eibarren kontra neurtu ditu indarrak gaurkoan Kanpanzar Arrasatek eta, azken emaitza, 60-10 izan da sarrailagileen alde.
Nesken partiduan gertatu bezala, bisitarien erresistentzia hasierako minutuetara mugatu da soilik. Partidu hasi eta berehala hartu du aurrea talde zuri-moreak, Oihan Irasuegiren entseguarekin. Hamargarren minuturako armaginek etxekoen abantaila murriztu egin dute, zutoinen artera bidalitako zigor kolpearekin (5-3), baina, ordu laurdena bete orduko, Iraitz Arriaranen entseguak 10-3koa igoarazi du markagailura. Horrekin konformatu ez eta, bost minutu beranduago, Oihan Irasuegik bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua eta etxekoen hirugarrena lortu du (15-3).
Lehenengo zatian Barrutiaren mutilek oraindik beste entsegu bat egiteko denbora izan dute, kasu honetan Beñat Salaberriren eskutik. Oraingo honetan Kanpanzar Arrasatek ez du hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan, Maren Jimenezek baloia zutoinen artera bidali duela. Gauzak horrela, 22-3ko errentarekin joan dira atsedenaldira Barrutiaren mutilak.
Bigarren zatiaren hasieran parekotasuna izan da nagusi baina, 20. minututik aurrera, Kanpanzar Arrasate jaun eta jabe izan da. Salaberri, Delgado, Arriaran eta Jimenez entseguek, pare bat transformazioekin batera, 46-3ko errenta eman diote Kanpanzar Arrasateri. Une horretan Eibarrek bere partiduko entsegu bakarra egin du (46-10) eta, arauzko denbora amaitzeko falta zen ordu laurden eskasean, sarrailagileek beste entsegu parea egin dute, Ibai Portalo eta Manex Barrutiaren eskutik. Portalok berak eta Joseba Santa Cristinak ez dute hutsik egin transformazioetan, amaierako 60-10ekoa markagailuan ezarriz.