Garaipen erosoa erdietsi du Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea

Hasieran partidua maldan gora jarri bada ere, Julen Barrutiaren mutilak aise nagusitu dira Atletiko San Sebastianen kontra:  37-3.  Neskek ere garaipena ekarri dute, kasu honetan izerdi dezente botata, Gaztediri egindako bisitan:  22-24.

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek liga txapelketari berrekin diote asteburu honetan eta, larunbatean Mojategin jokatutako partiduan, aise nagusitu dira Atletiko San Sebastianen kontra. Hasieran donostiarrak aurretik jarri badira ere, Julen Barrutiaren mutilek garaipen erosoa erdietsi dute, batez ere bigarren zatian, amaierako markagailuak erakusten duen moduan: 37-3.

Esan bezala, lehen kolpea bisitariek eman dute, 10. minutua bete baino lehen Atletiko San Sebastian 0-3 jarri baita aurretik zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez. Etxekoen erantzuna, baina, berehala iritsi da, bost minutu eskasetara Maren Jimenezek lortutako entseguaren bitartez arrasatearrek markagailua irauli egin baitute.

5-3koarekin parekotasuna izan da nagusi baina, lehenengo zatiaren ordu erdia heltzearekin batera, etxekoen bigarren entsegua iritsi egin da, berriro ere Jimenezena. Oraingoan Ohian Irasuegik ez du hutsik egin transformazioan eta, honenbestez, 12-3koa igo da markagailura.

Hori gutxi balitz, lehenengo zatiaren amaiera ate-joka zela Irasuegi berak baloia zutoinen artera bidali du epaileak Kanpanzar Arrasateren alde adierazitako zigor kolpean eta, gauzak horrela, 15-3ko abantailarekin joan dira atsedenaldira Barrutiaren mutilak.

Lehenengo zatian nolabaiteko parekotasuna egon bada, bigarrenean etxeko taldea izan da jaun eta jabe. Partiduari berrekin bezain pronto Unai Biterik zigor kolpe berri bat bidali du zutoinen artera (18-5) eta, 10. minutua bete orduko, Gaizka Arizabaletak arrasatearren hirugarren entsegua lortu du (23-5).

Hortik aurrera sarrailagileak jaun eta jabe izan dira, beste entsegu parea lortuz. Bi entsegu hauetan protagonistak berdinak izan dira: Suinaga egile eta Biteri transformatzearen ardura hartu duena, bi kasuetan asmatuz. Gauzak horrela, amaieran 37-3 Kanpanzar Arrasateren alde, eta denboraldiko laugarren garaipena Barrutiaren mutilentzat.

Garaipen honekin hirugarren postuan da Kanpanzar Arrasate 18 punturekin, bigarren sailkatu Baztanetik puntu bakarrera eta Durango liderrak baino zazpi puntu gutxiago dituela. Hurrengo asteburuan etxetik kanpo jokatuko dute Barrutiaren mutilek, seigarren jardunaldiaren baitan Zarautzi egingo baitiote bisita.

Nesken garaipena Gasteizen

Mutilek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek etxetik kanpo jokatu dute asteburu honetan, Gasteizko Lakua errugbi zelaian Gaztediren kontra. Orain arte norgehiagoka guztiak aise irabaztetik heltzen ziren zapatu honetako hitzordura Joseba Zabalaren neskak baina, oraingoan, uste baino izerdi gehiago bota behar izan dute denboraldiko bosgarren garaipena lortzeko. Azken emaitza 20-24 izan da konbinatu euskaldunaren alde.

Hasierako minutuak parekatuak izan dira Gaztedi eta Geurea RT-ren arteko lehian, eta ordu laurdena bete arte ez da markagailua mugitu. Lehenengo kolpea arabarrek eman dute arratsaldeko lehenengo entsegua lortuz eta, lehenengo zatiko ordu erdia heldu baino lehen, alde hori handitu egin dute partiduko bigarren entseguarekin.

10-0ekoarekin bisitarien susperraldia iritsi da, Maider Amillibiaren entsegua eta Maddi Berrio-Otxoaren transformazioarekin. Atsedenaldira joan aurretik, baina, etxekoek hirugarren entsegua lortu dute eta, honenbestez, 15-7ko emaitzarekin joan dira bi taldeak aldageletara arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, 10. minutuan, Maia Guridik konbinatu euskaldunarentzako bigarren entsegua lortu du eta, oraingo honetan ere, Berrio-Otxoak ez du hutsik egin transformazioan. Honenbestez, markagailua berriro ere estutu egin da (15-14). 10 minutu beranduago Irene Dolara arrasatearraren entseguak 15-19 aurretik jarri du Geurea RT baina, handik gutxira, Gaztediren erantzuna etorri da entsegu berri batekin.

Ordu laurdena baino gutxiago falta zen partidua amaitzeko eta markagailuak 20-19 erakusten zuen, beraz, edozer gauza gerta zitekeen oraindik. Zorionez, txanpona oraingo honetan konbinatu euskaldunaren alde jausi da, partidua amaitzeko 10 minuturen faltan Ilargi Zabalak lortutako entseguarekin. Hortik aurrera ez da markagailua gehiago mugitu, eta epaileak 20-24koarrekin adierazi du partiduaren amaiera.

Garaipen honekin Geurea RT-k lidergoan jarraitzen du 24 punturekin, dena den, Donostia gertu du, puntu bakarrera. Hurrengo astean ez da jardunaldirik izango emakumezkoen Euskal Ligan baina, azaroko azken asteburuan eta seigarren jardunaldiaren baitan,

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak