Atletiko San Sebastianen bisitarekin berrekingo dio ligari Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea

Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, Mojategin.  Ordubete lehenago, 15:30an, Geurea RT-ko neskek Gaztediren kontra neurtuko dituzte indarrak Lakuan.

Astebeteko etenaldiaren ostean, iragan astean atsedenaldi jardunaldia izan zen Gizonezkoen 1. Mailako Euskal Ligan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek txapelketari berrekingo diote asteburu honetan. Julen Barrutiaren mutilek zaleen aurrean jokatuko dute oraingo honetan, Atletiko San Sebastianek Mojategin bisitatuko baitu bosgarren jardunaldiaren baitan. Partidua zapatu arratsaldean izango da, 16:30ean hasita, eta bertan talde arrasatearrak orain direla 15 egun Durangotik ekarritako porrota ahaztea bilatuko du.

Azken partidua galdu bazuen ere, pozik egoteko moduko denboraldia ari da egiten Kanpanzar Arrasate, jokatutako lau partiduetatik hiru irabazi baititu. Testuinguru honetan, 13 punturekin laugarren sailkatua da talde zuri-morea, egungo lider Durangotik sei puntura baino ez. Bizkaitarren eta gipuzkoarren artean Uni Bilbo eta Baztan daude 16 eta 14 punturekin, hurrenez hurren.

Barrutiaren mutilek bisitari izango duten taldearen egoera oso bestelakoa da, garaipen bakarra eskuratuta orain arte, sei punturekin sailkapeneko azken hirugarrena baita Atletiko San Sebastian. Donostiarrek Zarautz hartu zuten mendean estreinaldiko jardunaldian eta, orduz geroztik, porrotak bata bestearen atzetik jaso dituzte.

Gauzak horrela, zenbakiei erreparatuz, Barrutiaren mutilek ez lukete arazo handirik eduki beharko larunbatean denboraldiko laugarren garaipena eskuratzeko. 1. Mailako Euskal Liga moduko kategoria batean, baina, ez dago aurkari txikirik eta, sorpresa desatseginik hartu nahi ezean, apaltasunez eta kontzentratuta zelairatu beharko dira. Oraingoan, zaleen hauspoa izango dute bidelagun.

Neskak Gasteizera

Mutilek ez bezala, Geurea RT-ko neskek ez zuten atsedenaldirik izan iragan asteburuan eta, San Roken jokatutako partiduan, erakustaldi berri bat eskaini zuten, oraingo honetan Uni Bilbo mendean hartuta. Joseba Zabalak zuzendutako taldea Gasteizera joango da zapatuan eta, 15:30eatik aurrera, Gaztediren kontra neurtuko ditu indarrak Lakuako errugbi zelaian.

Geldiezin aritu dira orain arte jokatutako lau jardunaldietan Zabalaren neskak, aise nagusitu baitira neurketa guztietan, orotara 20 puntu batuz. Gauzak horrela, bakar bakarrik da lidergoan Geurea RT, bi puntuko abantaila duela bigarren sailkatu Donostiarekiko. Zertxobait beherako, hirugarren postuan eta 16 punturekin, La Unica dago.

Eta egungo laugarren sailkatua da, hain justu ere, Zabalaren neskek larunbat honetan aurrean edukiko duten aurkaria. Gaztedik orain arte jokatutako lau partiduetatik bi irabazi eta beste bat berdindu ditu, orotara 11 puntu batuz. Gasteiztarrek ligari porrotarekin ekin zioten urria hasieran, La Unicak Arabara egindako bisitan; orduz geroztik, baina, Gaztedik ez du partidurik galdu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak