Arrasate Errugbi Taldeko neskek Uni Bilbori egingo diote aurre zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea

Norgehiagoka 14:15ean jokatuko da, San Roken, eta bertan Joseba Zabalak zuzendutako taldeak denboraldiko laugarren garaipena bilatuko du. Mutilek atsedenaldi jardunaldia izango dute.

Asteburu honetan emakumezkoen Euskal Ligako laugarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko neskek etxean jokatuko dute. Joseba Zabalak zuzendutako Geurea RT-k Uni Bilbo hartuko du San Roken eta, bertan, orain arte ezin hobea izaten ari den denboraldiko laugarren garaipena bilatuko du. Norgehiagoka zapatu eguerdian jokatuko da, 14:15ean hasita.

Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT geldiezin ari da 2026-2027 denboraldia abiarazi zenetik, orain arte jokatuko hiru partiduak aise irabazi baititu. Joseba Zabalaren neskek aurkarien gainetik pasa dira neurketa guztietan, orotara 15 puntu batuz. Euren erritmoari eusteko gai izan den talde bakarra La Unica izan da, pasa den denboraldiko final handian garaitu zuten aurkaria, konbinatu euskaldunarekin batera 15na puntura berdinduta dagoena.

Sailkapenean zertxobait beherago Donostia dago 14 punturekin eta, gipuzkoarren atzetik, Uni Bilbo, Geurea RT-k larunbat honetan aurrean edukiko duen aurkaria. El Fangoko taldeak bi garaipen eta porrot bat jaso ditu orain arte jokatutako hiru jardunaldietan, patrikan 10 puntu dituela. Bilbotarrek lehenengo bi jardunaldietan, Txingudi eta Errioxaren aurka, aise nagusitu ziren; Orain dela 15 egun, baina, hirugarren sailkatu Donostiak puntuak eraman zituen El Fangotik.

Testuinguru honetan, faborito gisa zelairatuko dira Zabalaren neskak larunbat honetan. Hala eta guztiz ere, tentu handiz eta apaltasunez ekin beharko diote Uni Bilboren kontrako lehiari, sorpresa desatseginik hartu nahi ez badute, behintzat.

 

Mutilek atsedenaldia

Emakumezkoen kasuan ez bezala, gizonezkoen Euskal Ligako 1. mailan atsedenaldi jardunaldia izango da asteburu honetan. Julen Barrutiaren mutilek esku hutsik etorri ziren Durangotik pasa den asteburuan, non, alde gutxiagatik izan bazen ere, denboraldiko lehenengo porrota jaso zuten. Hala eta guztiz ere, Kanpanzar Arrasate sailkapen buruko multzoan dago, laugarren postuan 13 punturekin, Durango liderretik 6 puntura baino ez. Datorren asteburuan ligari berrekingo diote Barrutiaren mutilek, Atletiko San Sebastianek Mojategira egingo duen bisitarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak