Asteburu honetan Euskal Ligetako jardunaldi berri bat jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoek etxetik kanpo jokatuko dute. Biek ala biek zapatuan izango dute hitzordua: 16:00etatik aurrera, mutilek Durangori egingo diote aurre Arripausuetan; Ordubete beranduago, 17:00etan, neskek Landaren jokatuko dute Hernaniren kontra, lehenengo jardunaldian atzeratutako partidua, hain justu ere.
Orain arte jokatutako hiru partiduak irabazita heltzen da asteburu honetako hitzordura Kanpanzar Arrasate, honezkero sailkapen buruko multzoan dagoela. Julen Barrutiaren mutilek orain arte jokatutako hiru jardunaldietan 12 puntu batu dituzte, lidergotik hiru puntura baino ez daudela. Atzetik aurreko jardunaldietan garaitutako bi talde daude, Uni Bilbo eta Baztan 10 eta 9 punturekin, hurrenez hurren.
Eta lidergoan dagoen taldea sarrailagileek larunbat honetan aurrean edukiko duten aurkaria da: Durango. Barrutiaren mutilek bezala, Arripausuetakoek ere orain arteko partidu guztiak irabazi dituzte, kasu honetan, gainera, guztietan bonusa eskuratuta, orotara 15 puntu batuz. Erasoen eraginkor aritzeaz gain, entsegu gehien lortu duen taldea da Durango (17), atzean ere sendo aritu dira orain arte bizkaitarrak, hiru entsegu besterik ez baitituzte jaso, ligako erregistrorik onena.
Testuinguru honetan, partidu parekatuta aurreikusten da zapatu arratsalderako Durangon, non kategoriako lidergoa egongo den jokoan. Etxera zerbait positibo ekartzeko gorabeherarik gabeko partidua jokatu beharko dute Barrutiaren mutilek, non kontzentratuta zelairatzea ezinbestekoa izango den. Kontzentrazioa eta aurreko partiduetako kemenari eustea, horiek izango dira garaipena etxera ekartzeko gakoetako batzuk.
Neskak Hernanira
Asteburu honetan etzegoen liga jardunaldirik Emakumezkoen Euskal Ligan, horregatik, Geurea RT-ko neskek lehenengo jardunaldian Hernaniren kontra atzeratutako neurketa jokatzeko aprobetxatuko dute. Joseba Zabalaren neskek Landaren izango dute geraleku, eta bertan lehenengo bi jardunaldietako ibilbide ezin hobeari eustea bilatuko dute.
Geurea RT-ko neskak aise nagusitu dira orain arte jokatuko bi partiduetan: 80-0 etxean bigarren jardunaldian Uribealdearen kontra, eta 0-102 orain dela astebete Logroñon. Gauzak horrela, eta partidu bat gutxiago jokatuta baldin bada ere, hirugarren postuan da Geurea RT 10 punturekin, lidergotik partidu bakarrera baino ez dagoela, bost puntuetara, hain justu ere. Lehen postuan La Unica dago 15 punturekin eta, bigarrenean, Donostia 14rekin.
Testuinguru honetan, larunbat honetan Hernanitik garaipena ekarriz gero, lidergoa eskuratu dezake Geurea RT-k. Horretarako, baina, lehenengo bi partiduetan bezala, bonusa ere eskuratu beharko du. Aurrean edukiko duten aurkariak ez du liga nahi bezala hasi, lehenengo jardunaldian konbinatu euskaldunaren kontra atzeratutako partiduaren ostean, jokatutako bi norgehiagoketan berdinketa eta porrot bana eskuratu baititu. Bi punturekin baino ez, azken hirugarrena da Hernani.
Kartelera
Senior mailako taldeez gain, larunbatean beste hitzordu bat izango du Arrasate Errugbi Taldeak: Goizeko 10:30ean 14 urtez azpikoek lagunarteko partidua jokatuko dute Gasteizen. 16 eta 18 urtez azpiko kategorietan ez da liga jardunaldirik izango, CESA delako txapelketako partiduak jokatuko baititu Euskal Selekzioak Burgosen kontra. Arrasate Errugbi Taldetik, 16 urtez azpikoetan Oinatz Otadui eta Irune Blanco izango dira deialdian eta, 18 urtez azpikoetan, Leah Moral. Azken honek, baina, ezin izango du partiduan parte hartu, min hartuta baitago.
Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko taldearen txanda izango da. Lehenengoek Hernanin izango den topaketan hartuko dute parte goizeko 10:00etatik aurrera Hernani, Txingudi, Atletiko San Sebastian, Eibar eta Oreretarekin batera. Bigarrenek, berriz, entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin 10:30an.