Uni Bilboren kontra denboraldiko hirugarren garaipena bilatuko du Kanpanzar Arrasatek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea

Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da Mojategin, 16:00etan hasita. Egun berean, baina 15:00etan, Geurea RT-ko neskek Errioxari egingo diote bisita.

Iragan asteburuan Getxon denboraldiko bigarren garaipena erdietsi ostean, asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute. Horretarako, zaleen hauspoa izango dute bidelagun, Uni Bilboren kontra neurtuko baitituzte indarrak Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita.

Jokatutako bi partiduak irabazita, sailkapen buruko taldeen artean da Kanpanzar Arrasate zortzi punturekin, hamarna puntura berdinduta dauden Durango eta Uni Bilboren atzetik. Sarrailagileek bezala, bilbotarrek eta durangarrek ere euren bi partiduak irabazi dituzte, baina bietan bonusa lortuta. Testuinguru honetan, betiere Durangoren emaitzaren zain, kategoriako lidergoa egon daiteke jokoan zapatu arratsaldeko lehian, Mojategin.

Datu hauei erreparatuz norgehiagoka parekatua aurreikusten da larunbat arratsalderako, non detaile txikiak erabakigarri bilakatu daitezen. Gauzak horrela, aurrerapauso berri bat emateko, lehen unetik kontzentratuta zelairatu beharko dira Julen Barrutiaren mutilak, aurreko bi hitzorduetan erakutsitako jarrera berari eutsiz. Esan bezala, aurreko astean ez bezala, oraingo honetan zaleen hauspoa izango du bidelagun Kanpanzar Arrasatek.

 

Neskak Logroñora

Mutilek ez bezala, senior mailako neskek etxetik kanpo jokatuko dute. Pasa den astean denboraldiko lehenengo partidua irabazi eta gero, 80-0 nagusitu ziren San Roken Uribealdearen kontra, Joseba Zabalaren neskek bide beretik jarraitzea bilatuko dute Logroño aldean. Mutilen kasuan bezala, partidua kasu honetan ere zapatu arratsaldean izango da, baina ordubete lehenago hasita (15:00).

Bi jardunaldi jokatuta laugarren sailkatua da Geurea RT bost punturekin, hori bai, gainontzeko taldeek baino partidu bat gutxiago jokatuta. Izan ere, estreinaldiko jardunaldian Landaren jokatu beharreko lehia, Hernanirekin horrela adostuta, atzeratzea erabaki zuten. Konbinatu euskaldunaren aurretik dauden hiru taldeak hamarna puntura berdinduta daude: Uni Bilbo, Donostia eta La Unica.

Zabalaren neskek zapatuan aurrean izango duten aurkariak oso bestelako liga hasiera eduki du, jokatutako bi partiduak galduta, puntuen kutxatxoa oraindik estreinatzeke baitauka Errioxak. Logroñokoek orain arte jokatutako bi partiduetan ez dute entsegurik lortu; aitzitik, entsegu gehien jaso duen taldea dira, 25 orotara. Testuinguru honetan, faborito gisa joango da zapatuan Logroñora Geurea RT.

 

Kartelera

Senior mailako hitzorduez gain, beste hiru zita izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak zapatuan. Goiztiarrenak 16 urtez azpikoak izango dira, 11:00etatik aurrera Zarautzen kontra neurtuko baitituzte indarrak San Roken, Elorrion. 11:30ean 18 urtez azpikoen txanda izango da, Lekarozen; 12:00etan, aldiz, 14 urtez azpikoek lagunarteko txapelketa jokatuko dute Mojategin, Zarautz eta Gaztedirekin batera. Leku berean, baina igande goizean (10:30), Errugbi Eskolak entrenamendu saioa burutuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak