Elorrion eta Uribealdearen kontra estreinatuko dute denboraldia ART-ko neskek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea

Iazko titulua berresteko helburuarekin ekingo dio ikasturte berriari Geurea RT-k, iazko bidelagun berberek osatuko dutela ekipoa. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 16:30ean hasita. Egun eta ordu berdinean, senior mailako mutilek ligako bigarren garaipena bilatuko dute Getxon.

Asteburu berezia izango da honako hau Arrasate Errugbi Taldeko neskentzat. Iaz ligako txapeldun izan eta gero, ikasturte berriari ekingo baitiote pasa den urteko titulua berresteko helburuarekin. Bigarren urtez jarraian, sarrailagileek Elorrio eta Urgozorekin batera osatuko dute taldea, Geurea RT, eta denboraldiko aurreneko geraleku Elorrion izango dute, Uribealdeak egingo dien bisitarekin. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da San Roke errugbi zelaian, 16:30ean hasita, eta bertan ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.

Orain direla bi aste hasi behar zuten liga txapelketa Geurea RT-ko neskek baina, Hernanirekin horrela adostuta, Landaren jokatu beharreko partidua atzeratzea erabaki zuten. Gauzak horrela, Euskal Ligako bigarren jardunaldiaren baitan Uribealdearen kontra jokatu beharreko partidua izango da denboraldiko lehenengoa konbinatu euskaldunarentzat.

Esan bezala, urriaren aurreneko asteburuan abiarazi zen emakumezkoen senior mailako Euskal Liga, eta honezkero jokoan dagoen lehenengo fasea urtarrilera arte luzatuko da. Zabalaren neskek beste bederatzi talde izango dituzte multzokide, buelta bakarrekoa izango den liga txapelketan. Konbinatu euskaldunaren aurkariak honako hauek izango dira: Hernani, Uribealdea, Errioxa, Bilbo, Gaztedi, Durango, Txingudi, Donosti eta La Unica.

 

Mutilak Getxora

Neskek ez bezala, senior mailako mutilek Maritxu Kajoiko biharamunean ekin zioten ikasturte berriari eta, norgehiagoka oso borrokatuan, denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi zuten Baztanek Mojategira egindako bisitan. Gauzak horrela, Barrutiaren mutilek bolada on horri jarraipena emateko asmoarekin joango dira Fadurara. Nesken kasuan bezala, Getxoren kontrako partidua ere zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita.

Lehenengo jardunaldia jokatuta, eta Baztanen kontra lortutako garaipenaren ostean, egungo laugarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate lau punturekin. Sarrailagileak ez bezala, Getxok porrotarekin hasi du liga, Uribealdeari egindako bisitan. Gauzak horrela, eta liga hasi besterik ez bada egin ere, faborito gisa joango dira Bizkaia aldera Barrutiaren mutilak. Getxoren kontrako partiduak gogorrak izaten dira beti, horregatik, hasieratik kontzentratuta zelairatzea ezinbestekoa izango da.

 

Kartelera

Senior mailako taldeena ez da asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeak izango dituen hitzordu bakarrak. Zapatuan beste bi partidu jokatuko dira, 16 eta 18 urtez azpikoena. Lehenengoek Hernaniri egingo diote bisita goizeko 12:00etatik aurrera eta, bigarrenek, Gaztediren kontra neurtuko dituzte indarrak Lakuan, kasu honetan 13:30ean.

Domekan gazteenen txanda izango da: 14 urtez azpikoek Ordizian izango den zazpinako txapelketan hartuko dute parte Ordizia, Atletiko San Sebastian eta Gaztedirekin batera. Hitzordua goizeko 11:00etan izango da. Bestetik, Inklusibo eta Errugbi Eskolako neska-mutikoek aurtengo entrenamenduei ekingo diete. Ohi bezala, hitzordua Mojategin izango da, goizeko 10:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak