Behin udako oporrak atzean utzita lanean hasteko garaia iritsi da, eta Arrasate Errugbi Taldea ez da salbuespena. Izan ere, klub zuri-morea aste honetan bertan hasi da lanean, goiztiarrenak senior mailako mutilak izan direla. Julen Barrutiaren gidaritzapean, Kanpanzar Arrasatek 18 urtez azpikoekin batera burutu du astearte honetan aurre-denboraldiko aurreneko entrenamendu saioa eta, teknikari zuri-moreak azaldu duenez, lansaioak iraila osoan zehar luzatuko dira. “Ez dugu aurreikusita lagunarteko partidurik jokatzea eta, alta edo bajaren bat edo beste egongo bada ere, iazko blokeari eutsiko diogu, 30 jokalari ingururekin”, gaineratu du.
Klub zuri-moreko gainontzeko ekipoak, senior mailako emakumezkoen taldea barne, irailean zehar batuko zaizkie Barrutiaren mutilei. Iazko esperientzia ezin hobearen ostean, Geurea RT Euskal Ligako txapeldun izan zen, ART-ko neskek berriro ere taldea partekatuko dute, Joseba Zabalaren gidaritzapean, Urgozo eta Elorriorekin batera. 18 urtez azpikoen bidelagun Ordizia izango da eta, 16 urtez azpikoek, Elorrio eta Soraluzerekin egingo dute bat.
Euskadiko Errugbi Federazioak oraindik egutegirik kaleratu ez badu ere, eta azken denboraldietako joerari eutsiz, Liga txapelketan “iraila amaiera edota urria hasierarako” aurreikusten dutela eman du aditzera Barrutiak.