Astearte honetan Arrasate Errugbi Taldeak Ohiko Batzar Nagusia egin du eta, Mojategin bildutako bazkideek, Ramon Barrutia buru duen Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aho batez onartu dute. Agintari zuri-moreek amaitu berri den denboraldiaren nondik norakoak aztertu dituzte, baita datorren ikasturteari begira esku artean dituzten asmoen berri eman ere. Kirol arloan "oso positibotzat" kalifikatu dute ikasturtea eta, arlo ekonomikoan, 6.000 euro inguruko diru-galerak aurreikusten dituztela iragarri dute, “2025-2026 ekitaldiko kontu ekonomikoak hilaren amaierara arte ixteke baldin badaude ere”.
Esan bezala, behin betiko kontuak -mugimendu gutxi aurreikusten dituzte datozen bi asteetarako-hilaren amaierara arte itxi ezin badira ere, klubeko diruzain Asier Urgoitiak orotara 195.000 euroko gastuak izatea espero dutela iragarri du, "hasiera batean aurreikusitako 170.000 euroak baino zerbait gehiago". Gaineratu duenez, kopuru horretan finkatu dute aurrekontua datorren ekitaldirako.
Gastuen atalean, "ohi bezala", gehienak kirol-arlotik eratorritakoak izan direla azpimarratu du Urgoitiak, 100.000 eurotik gorakoak izan direnak. "Gainerakoak, klubak gauzatutako ekimenen eta ekitaldiekin erlazionatutakoak izan dira", gaineratu du diruzain zuri-moreak. Horiei guztiei aurre egiteko izandako diru-iturriak aurreko urteetakoen antzerakoak izan direla esan du eta, zentzu honetan, babesleak izan ditu gogoan, orotara 50.000 euroko ekarpena egin dutenak.
Hala eta guztiz ere, aurten diru-sarrerek gastuen adina indar ez dutela izan iragarri du, hori dela-eta ekitaldia 6.000 euro inguruko diru-galerekin amaituko du Arrasate Errugbi Taldeak. Hala eta guztiz ere Urgoitiak ez du egoera larritzat jo, "galera horiei aurre egiteko maniobra-funtsa baitugu". Testuinguru honetan, aurtengo XXVI. Garagardo Azoka izan du mintzagai: "Tamalez, aurten ekimena ez da bat etorri klubetik egin dugun esfortzuarekin, aurreikuspen ekonomikoak ez dira bete eta, honen inguruan, hausnarketarako epea zabaldu beharra dago".
Kirol arloa
Kirol arloarekin pozik agertu da Ramon Barrutia buru duen lantaldea, senior mailan zen gainerako kategoria eta sailetan. Lehenengoen artean, Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako emakumezkoen Geurea RT eduki dute gogoan, Euskal Ligako txapeldunak izan direnak. Mutilen lanarekin ere pozik agertu dira, “gorabeheraren bat edo beste izan badute ere, laugarren postuan amaitu baitute”.
Harrobian ere lana "ondo" egin dela adierazi dute eta, emakumezkoen kasuan bezala, kategoria ezberdinetan zenbait bidelagun izan dituzte taldeak osatzeko, "jokalarien garapena etengabea izan dela". Azkenik, ama eta beteranoen taldeak ere izan dituzte mintzagai, eta inklusiboan emandako aurrerapausoak azpimarratu dituzte, "egunetik egunera gero eta ekintza gehiago eginez eta parte hartzaileen ongizatea bermatuz".
Etorkizunerako erronkak
Egindako lanarekin pozik agertu badira ere, "ezin garela lokartu" nabarmendu dute. Zentzu honetan, datorren ikasturterako jarraitu beharreko bidea izan dute mintzagai: "Harrobia garatzen eta indartzen jarraitu, nesken taldea finkatu edota eskoletan erakartze formulak bilatu, besteak beste". Honetaz gain, jokalari, jokalari ohi eta familiez osatutako "antolaketa autogestionatua" lortzearen garrantzia ere azpimarratu dute, "klubaren berme ekonomikoa bermatze aldera".
Gai-zerrendaren puntu hau klub zuri-morearen proiektu berria iragartzeko aprobetxatu dute, Hego Bustiak izenekoa. Honako hau errugbi egokituaren bidezko programa bat da, ART, Mondragon Unibertsitatea eta Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleekin elkarlanean gauzatutakoa, eta urrian martxan jarriko dena, errehabilitazio psikosozialerako tresna gisa erabilia eta Mojategiko kirol-eremuan garatuko dena. Helburu orokorra birgaitzera bideratutako errugbi programa bat ezartzea izango da, buru-nahasmendu larria duten pertsonen garapen fisikoa, emozionala eta soziala sustatzeko, haien autonomia eta bizi-kalitatea hobetuz.