XXVI. Garagardo Azokarako atzera-kontua hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko ekainaren 3a

Herriko plazako karpak ostegunean zabalduko ditu ateak. Ohi bezala, era guztietako artisau garagardoak izango dira, azken urteetako eskaintza gastronomikoarekin: Saltxitxak, txerri ukondoa eta oilaskoa, besteak beste. Musika ez da faltako eta, zapatuan, II. Errugbi Txapelketa Herrikoia izango da Mojategin.

Beste behin, uda gerturatzearekin batera hemen dugu Garagardo Azoka, eta Arrasate Errugbi Taldearen ekimen arrakastatsu honek bere XXVI. edizioa beteko du aurten, ekainaren 4a eta 6a bitartean burutuko dena. Iaz bezala, aurten ere Errugbi Txapelketa Herrikoia izango da Mojategin eta, gauero, musika ez da faltako Herriko Plazako karpan.

Urtero legez, klub zuri-moreko kideek edari eta janaria kantitate erraldoietan gertu dauzkate bi aste barru, ostegun arratsaldean hasita, Herriko Plazako karpan zerbitzatzeko. Klubetik jakinarazi dutenez, kantitateak “aurreko urteetako antzerakoak dira”: 2.300 litro garagardo, beste 600 botilatxotik gora, 220 oilasko, 570 txerri ukondo, 1.300 saltxitxa, 14 patata kaxa eta 1.800 ogi opil inguru, besteak beste.

Garagardo Azokako karparen ateak ostegunean -ekainak 4- zabalduko dira, 18:30eak aldera, eta 19:00etan izango da irekiera ordua gainontzeko egunetan. Ateak zabaldu bezain pronto herri kirolak izango dira ikusgai plazan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. 19:00etatik aurrera pintxopotea izango da eta, ordubete beranduago, 20:00etan, sukaldea jarriko da martxan. Afariak girotzeko musika ez da faltako, Amaiur eta Garaziren kontzertuarekin. Ohi bezala, egun honetan udal ordezkariek karpan afalduko dute.

Esan bezala, ostiralean karparen irekiera 19:00etan izango da, afariak 20:00etatik aurrera zerbitzatuko dira, eta oraingo honetan Los Retros musika taldeak Herriko plaza girotuko du. Iaz bezala, aurten ere “Danon ARTien ez bada, ez dalako!” aitortza eskainiko da ostiraleko jardunaldian.

Eta beste behin, zapatua izango da egunik potoloena. Eguerdi partean bazkariak zerbitzatuko dira 14:00etatik aurrera: paella, oilaskoa eta postrea, bertan jan edo eramateko. Bigarren urtez jarraian, arratsaldean II. Errugbi Txapelketa Herrikoia jokatuko da Mojategin eta, ilunabarrenean, DJ Goikok girotuko du Herriko Plazako karpa ordu txikiak arte.

II. Errugbi Txapelketa Herrikoia

Iazko arrakastaren ostean, aurten ere Arrasate Errugbi Taldeak txapelketa herrikoia antolatuko du Garagardo Azokaren egitarauaren baitan. Gogoratu beharra dago txapelketa hau kontakturik gabekoa dela, hortaz, edozeinek eman dezake izena. “Errugbiaz ez jakitea ez da aitzakia parte ez hartzeko, guztiok ulertzeko moduko lehiaketa baita, horregatik, garrantzitsuenak zuek eta zuen ingurukoak zarete”, azpimarratzen dute klub zuri-moretik. Orotara 220 pertsona inguruk eman du izena, 19 taldetan banatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak