Arrasate Errugbi Taldeko neskak Zarauzko final handian izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko maiatzaren 25a

Domekan Mojategin La Unica 37-10eko emaitzarekin mendean hartu eta gero, Geurea RT-k liga izango du jokoan Gaztediren kontra datorren asteburuan.

Arrasate Errugbi Taldeko neskak ahaztezina izaten ari den denboraldia biribiltzeko pauso bakarrera daude, datorren asteburuan Zarautzen jokatuko den final handirako txartela eskuratu baitute. Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT-k atzo, igandea, ligako finalerdia jokatu zuen Mojategin La Unicaren kontra eta, norgehiagoka oso ona eginda, 37-10eko emaitzarekin nagusitu zen. Gauzak horrela, Joseba Zabalak zuzendutako taldea Zarauzko final handian izango da datorren zapatuan. Hitzordua 15:30ean izango da Asti errugbi zelaian eta, bertan, konbinatu euskaldunak sailkapen faseko lider Gaztedi izango du zain.

Aurreikusten zena baino abantaila zabalagoarekin lortu zuten Geurea RT-ko neskek final handirako txartela. Bosgarren minuturako aurretik ziren etxekoak, Aiora Agirregomezkortak lortutako entseguarekin. Ordu laurdenerako, baina, La Unicak berdindu egin zuen. Zorionez, konbinatu euskaldunaren susperraldia berehala iritsi zen, hiru jokalari arrasatearren entseguen bitartez: Ane Rincon, Haizea Zabala eta Leah Moral. Bazirudien 20-5ekoarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, lehenengo zatiaren azken txanpan, La Unicak entsegu berri bat egin eta nolabaiteko emozioa eman zion lehiari (20-10).

Bigarren zatiko hasierako minutuetan parekotasuna izan zen nagusi, 15. minutuan Jone Ugaldeak etxekoen bosgarren entsegua lortu zuen arte. 25-10ekoarekin etxekoek nolabaiteko presioa kendu zuten gainetik eta, hortik aurrera, berriro ere agindu zuten zelaian. Defentsiboki sendo aritzeaz gain beste bi entsegu egiteko gai izan ziren Zabalaren neskak, kasu honetan Naia Goiriena eta Udane Azkarragaurizarren bitartez. Azken honetan, gainera, Ane Rinconek asmatu egin zuen transformazioa gauzatzerako orduan, amaierako 37-10ekoa markagailuan ezarriz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak