Final handirako txartela edukiko dute jokoan ART-ko neskek

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko maiatzaren 20a

La Unicaren kontra neurtuko ditu indarrak Geurea RT-k, igandean, 12:30eatik aurrera Mojategin. Klubak zelaira joateko deia egiten die zaleei, irabaziz gero, datorren asteburuan Gaztediren kontra izango baitute liga jokoan.

Denboraldiko partidurik garrantzitsuena jokatuko dute Arrasate Errugbi Taldeko neskek asteburu honetan, iragan astean final laurdenetan Durango aise garaitu eta gero, Elorrio eta Urgozorekin batera osatutako Geurea RT-k final handirako txartela edukiko baitu jokoan. Emakumezkoen Euskal Ligako finalerdien baian, Joseba Zabalak zuzendutako taldeak La Unica hartuko du Mojategin eta, bertan nagusitzen den taldeak, astebete barru izango du liga jokoan, Zarautzen jokatuko den final handian zain egongo den Gaztediren kontra. La Unicaren kontrako norgehiagoka igande eguerdian jokatuko da Mojategin, 12:30ean hasita, eta bertara joateko deia zabaltzen die zaleei Arrasate Errugbi Taldeak, "taldeak jarraitzaileen hauspoa bidelagun izan dezan".

Txapelak kentzeko moduko ibilbidea egin du orain arte Geurea RT-k, ligan jokatutako 16 partiduetatik 14 irabazita, bigarren postuan sailkatu baita konbinatu euskalduna, amaiera faserako txartela eskuratuz. Zabalaren neskek aise garaitu zuten Durango iragan asteburuan, final laurdenen baitan partidu bakarrera jokatutako kanporaketan. Gauzak horrela, final handirako bidean azken geraleku izango dute domeka honetan Geurea RT-ko neskek, La Unicak Mojategira egingo duen bisitan.

Zabalaren neskentzat erronka zaila izango da asteburu honetakoa, ligako talderik indartsuenetarikoa izango baitute aurrean. Nafarrak hirugarren postuan sailkatu dira ligan, 10 garaipen eta berdinketa bat eskuratuta eta, Zabalaren neskek ez bezala, zailtasun handiak izan zituzten iragan asteburuan finalerdietarako txartela lortzeko. Izan ere, Gipuzkoa Sortzenen kontra jokatutako norgehiagoka berdinketarekin amaitu eta gero, zutoinen artera egindako jaurtiketetan nagusituta gailendu ziren nafarrak.

Bi taldeek ligan elkarren artean jokatutako norgehiagoketan ere txanponaren bi aldeak ikusi dira: Etxean Zabalaren neskak nagusitu ziren eta, Iruñean, nafarrak izan ziren jaun eta jabe. Testuinguru honetan, norgehiagoka “parekatuta eta gogorra” aurreikusten da Mojategin igande eguerdirako eta, horregatik, Arrasate Errugbi Taldeko agintariek zelaira gerturatzeko deia luzatzen diete zaleei: "Urte osoko lana egongo da jokoan bertan eta, final handirako txartela lortzeko, gure neskentzat zuen hauspoa ezinbestekoa izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak