Arrasate Errugbi Taldeko neskek aurrerapauso berria eman dute hilaren 30ean jokatuko den final handirako ibilbidean, asteburu honetan, Elorrion jokatutako kanporaketan, aurrera egin eta gero. Final laurdenen baitan, Urgozo eta Elorriorekin batera osatutako Geurea RT-k Durango hartu du San Roken eta, lehen zati parekatuaren ostean, konbinatu euskalduna 37-5eko emaitzarekin nagusitu da bigarren zatian gailenduta. Modu honetan, Joseba Zabalaren neskak datorren asteburuko finalerdietan izango dira, non Gipuzkoa Sortzen eta La Unicaren arteko kanporaketako irabazlea zain edukiko duten. Final handiko aurkaria Gaztedi izango da, ligan lidergoan amaitu duen taldea, hain justu ere.
Garaipen erosoa eskuratu badu ere, norgehiagoka hasiera ez da erraza izan Geurea RT-rentzat, hasierako minutuetan parekotasuna izan baita nagusi. 20. minutuan Aiora Agirregomezkortaren entseguak, baina, markagailuaren oreka apurtu egin du. Etxekoen pozak, ordea, ez du luzaroan iraun, handik minutu bakarrera Durangoren erantzuna etorri baita, 5-5ekoa ezarriz. Atsedenaldira joateko 10 minuturen faltan Garazi Berrio-Otxoak etxekoen bigarren entsegua lortu du eta, modu honetan, 10-5eko errentarekin hartu dute aldageletarako bidea Zabalaren neskek.
Bigarren zatia askoz ere erosoagoa izan da konbinatu euskaldunarentzat, bosgarren minuturako Naia Goirienaren entseguak etxekoen abantaila handitu egin baitu (15-5). Hortik aurrera Durangoren gainbehera etorri da, etxekoentzat ibilbidea askoz ere erosoagoa izan dela. 20 minutuko tartean Zabalaren neskek lau entsegu lortu dituzte, partidua amaitzeko bost minuturen faltan neurketa erabakita utziz (37-5). Garazi Berrio-Otxoarenak izan dira lau entsegu horietatik bi eta, besteak, Jone Ugaldea eta Haizea Zabalaren eskuetatik etorri dira.