Kanpanzar ART-k agur esan dio denboraldiari

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Rugby Taldea 2026ko maiatzaren 17a

Elorrioren kontrako kanporaketako bi partiduak galdu eta gero, Julen Barrutiaren mutilak ikasturte honetako ibilbidearen amaierara heldu dira, pozik egoteko moduko lana eginda. Larunbat arratsaldean San Roken jokatutako neurketan etxekoak 43-26 nagusitu egin ziren.

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak denboraldiari agur esan diote, larunbat honetan, San Roken, Elorrioren kontrako kanporaketako bueltako partidua galdu eta gero. Bizkaitarrek orain dela astebete Mojategin lortutako errentarekin, bertan 18-35 nagusitu ziren, ekin diote partiduari eta, bigarrenez, menden hartu dituzte Julen Barrutiaren mutilak. Azken emaitza 43-26 izan da etxekoen alde eta, modu honetan, arrasatearrak denboraldi honetako ibilbidearen amaierara heldu dira.

Partidua berehala jarri zaio maldan gora Kanpanzar Arrasateri, ordu laurdena bete orduko etxekoak 14-0 baitziren aurretik. Xabi Gardoki kapitaina eta Ibai Portaloren entseguek, azken honen transformazioekin, oreka eraman dute markagailura berriro ere. Arrasatearren pozak, baina, ez du luzaroan iraun, handik bi minutu eskasetara Elorriok arratsaldeko hirugarren entsegua egin eta aurrea hartu baitu berriro ere.

Lehenengo zatiko ordu erdia igarota Elorriok berriro ere Kanpanzar Arrasateren entsegu eremua zeharkatu du, markagailuan 26-14koa ezarriz. Bazirudien emaitza horrekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, arauzko denboraren azken hatsean, bizkaitarrek entsegu berri bat egin eta 31-14ko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea.

Bigarren zatia hasi bezain pronto etxekoek entsegu berri bat lortu (36-14) eta, kanporaketa bideratuta zutela, oina azeleragailutik altxa dute. Testuinguru honetan, Barrutiaren mutilak saiatu egin dira partiduan berriro ere sartzen eta, 10. minuturako, Enaitz Solabarrietak sarrailagileen laugarren entsegua lortu du (36-19), Elorriora joandako jarraitzaile zuri-moreengan nolabaiteko itxaropena piztuz.

Erronka ordurako, baina, zailegia zen bisitarientzat, norgehiagokako markagailuaz gain joaneko partiduarena ere irauli egin beharra baitzegoen. Arauzko denbora amaitzeko 10 minuturen faltan Elorriok lortutako entseguak itxaropen guztiak zapuztu ditu (43-19) eta, partidu amaiera ate-joka zela, Dolararen entseguak eta Abarrategiren transformazioak markagailua zertxobait txukundu egin dute, amaierako 43-26koa ezarriz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak